Munduko Kopa

Frantziak Marokoren ametsa zapuztu du

Frantziarrak finalean dira, 2-0 irabazi ostean. Theok eta Muanik egin dituzte golak. Bigarren zati txukuna egin dute marokoarrek.

Jon Ander De la Hoz.
2022ko abenduaren 14a
22:54
Entzun

Logika nagusitu da bigarren finalaurrekoan. Frantziak irabazi du Marokoren aurkako lehia, eta afrikarren ametsa zapuztuta geratu da azken urratsaren faltan. Afrikako taldeak historia egin du Munduko Kopako finalerdiak jokatuta, baina loria dastatu ezinda geratuko da. Frantzia hautagaiak bere legea ezarri du, Didier Deschamps euskal herritarraren eskutik.

Lapurtarrak jokalari gisa lortu zuen 1998ko garaikurra, eta hura zen teknikaria 2018koan. Beraz, Frantzia bigarrenez sailkatu du finalerako. Aurrez beste bost teknikarik soilik lortu dute hori: Vittorio Pozzok (Italia), Helmut Schonek eta Franz Beckenbauerrek (Alemania), Carlos Bilardok (Argentina), eta Mario Zagallok (Brasil).

Frantziak Maroko gainditu du finalaurrekoan, eta Argentina du zain partida erabakigarrian. Hexagonoko selekzioak eten egin du afrikarren ametsa: 2-0. Marokok inoizko txapelketarik onena egin du, baina ezin izan dugainditu Antoine Griezmann, Olivier Giroud, Kilian Mbappe eta enparauak biltzen dituen multzoa.

Griezmannek gidatu du taldearen jokoa lehen zatian, eta haren oinetatik sortu da lehen goleko jokaldia ere. Zubietako harribitxiak lerro arteko pase bat jaso du eskuin hegalean, Mbapperekin jokatu du eta Theo Hernandezek area barruko jokaldi katramilatua baliatu du. Realeko jokalari ohiak bolea on batez sareratu du baloia, Frantziari abantaila emateko.Maroko gol bakarra jasota ailegatu da finalaurrekora —beren atean sartua, gainera—, eta ezohiko egoeran aurkitu da neurketaren hasieratik. Gainera, Griezmannen eta Aurelien Tchouameniren artean zelai erdia bereganatu du talde urdinak. Denetarik egin dute: defentsan aritu dira sarri, erasoan ere asko, eta gol aukerak sortu dituzte

Ordea, Marokok zerbait erakutsi badu, giharra eta grina izan dira, eta nekez emango zuen amore. Agerian utzi du hori lehen zatiak aurrera egin ahala. Pixkanaka, erosoago kokatu da zelaian, eta azken ordu laurdenean estu hartu du Frantzia. Jawad El Yamiq atzelariak izan du aukerarik argiena, korner jaurtiketa bat txilenaz errematatu eta baloia zutoinera jaurtita. Frantziaren errenta adierazi du markagailuan, baina lehia orekatua izan da.

Bigarren zatian, kale edo bale egin behar izan zuen Marokok. Goseti zelairatu dira, eta nagusi izan dira jabetzan nahiz abaguneetan, eskuin hegalean zirrikitua zabalduta. Achrafek, Ounahiek eta Ziyechek osatutako hirukoteak lanak eman dizkiete aurkariei. Ordea, Frantzia izan da bigarren gola egin duena. Kolo Muani izan da golegilea, zelairatu eta gutxira. Akabo Marokoren oasia. Frantzia hautagaiak, aparteko distirarik gabe, baina gain hartu dio. Egungo txapelduna hezur gogorregia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.