Kanpo merkataritza

Esportazioak erritmo onean ari dira hazten

Urteko lehen hamar hilabeteetan %24,3 handitu dira esportazioak. Are gehiago ugaritu dira inportazioak (+%41,5), produktu energetikoen bidetik.

Gasontzi bat, Bilboko portuan, irailean. IREKIA
Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 15a
12:15
Entzun

Lan faltarik ez dute portuek, aireportuek, kamioiek eta trenek. Urteko lehen hamar hilabeteetan 35.975 milioi euroren salgaiak esportatu dituzte Hego Euskal Herriko enpresek, iaz tarte horretan baino 7.049 milioi gehiago (+%24,3).

Horietatik 3.805 milioi izan dira urrian. Hilabete horretan hazkundea %22,4koa denez, esan daiteke ekonomiaren hozteak ez diola asko eragin.

Bi herrialdek jasotzen dituzte esportazio gehien: Frantziara joan dira %16,1, eta Alemaniara, berriz, %15,5. AEBak, Italia, Erresuma Batua eta Herbehereak dira euskal enpresen beste bezero nagusiak.

Volkswagenen eta Mercedesen pisua oso handia da esportazioetan. Autoek eta furgonetek 5.839 milioi euroren esportazioak eragin dituzte (5.839 milioi euro edo %16,2), eta horiei gehitu behar zaizkie autoen osagarrien industriak kanpoan saldutako beste 2.869 milioi (%8).

Inportazioak

Esportazioak baino gehiago handitzen ari dira inportazioak, %41,5 hain zuzen ere. Baina horietan moteltze handiagoa antzeman da urrian (+%24,8), energia produktu batzuen merkatzearen ondorioz, ziur aski.

Bizkaian biltzen da sektore hori: Petronorrek petrolio gordina jasotzen du, eta GNL gas natural likidotua Bahia de Bizkaia Gasek. Bizkaiak iaz halako bi energia produktu inportatu du aurten (7.060 milioi), eta horren zati bat berriro esportatzen du (2.731 milioi).

Energia produktuen salerosketak eragiten du Bizkaia izatea merkataritza balantze negatiboa izatea. Gainontzeko hiru lurraldeetan, berriz, esportazioak inportazioen oso gainetik daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.