PERU

Castilloren atxiloaldia beste 18 hilabetez luzatzeko eskaera onartu du Botere Judizialak

«Ihes egiteko arriskua» dagoela iritzita hartu du erabakia epaile nagusiak. Aldiz, atzera bota du lehen ministro ohiaren behin-behineko atxiloaldiaren eskaria. Hogei manifestari hil dira protestetan.

Hainbat manifestari Ayacuchoko aireportuan, Perun. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko abenduaren 16a
11:53
Entzun

Peruko Botere Judizialeko epaile nagusi Juan Carlos Checkleyk erabaki du herrialdeko presidente ohi Pedro Castilloren behin-behineko atxiloaldia beste 18 hilabetez luzatzea. Gisa horretara, epaile nagusiak onartu egin du fiskaltzak herenegun Castilloren aurka egindako eskaera, «ihes egiteko arriskua» dagoela iritzita. Hain zuzen, Mexikoren enbaxadarantz zihoala atxilotu zuten azken urtean herrialdeko presidente izandakoa, abenduaren 7an; Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak gidatutako gobernuari asiloa eskatzeko helburua zuen. Matxinada eta agintekeria delituak eta «lasaitasun publikoaren aurkako eraso larriaren» delitua egozten dizkiote, eta ikerketapean dago. Delitu horiengatik, gutxienez hamar urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete. Peruko Polizia Nazionaleko egoitzan dago atxikita Castillo, Liman.

Fiskaltzak, Castilloz gain, lehen ministro ohi Anibal Torres ere sartu zuen errekerimenduan, eta Botere Judizialak Ministerio Publikoaren eskaera baimendu ondoren aurkeztu zuen, Castilloren aurkako ikerketa abian jartzeko. Hala ere, epaileak ez du Torresen behin-behineko atxiloaldiaren eskaera onartu. Fiskaltzak hari ere matxinada egozten dio, besteak beste. Torresek aurreko larunbatean jakinarazi zuen «klandestinitatera» igaroko zela. Ikerketa «konplexutzat» jo du Ministerio Publikoak, eta zortzi hilabete iraungo du.

Ez Castillo ez haren abokatu Ronald Atencio ez dira azaldu fiskaltzak presidente ohiaren atxiloaldia beste 18 hilabetez luzatzeko eskaera berrikusteko auzi saiora. Hain justu, epaile nagusiak iragarri du Castillok uko egin diola fiskaltzaren jakinarazpena jasotzeari, argudiatuta epaiketa «legez kanpokoa» dela. Horrenbestez, ofiziozko abokatu batek ordezkatu du.

Atenciori iruditzen zaio behin-behineko atxiloaldia salbuespenezko neurri bat dela, eta errugabetasun presuntzioa lehenetsi behar dela, aintzat hartuta, gainera, herrialdeko estatuburuaren defentsaren arabera, fiskaltzak ez duela behar bezala oinarritu, legeari erreparatuta, zergatik jarraitu behar duen atxilo.

Ikusi gehiago: Defentsarentzat ez dago arrazoirik Castillok atxilotuta jarraitzeko

Castillo abenduaren 7an hartu zuten atxilo, Kongresuaren desegitea iragarri eta gutxira hura kargutik kendu ondoren. Hala, larrialdiko gobernu bat eratu zuten, dekretuz gobernatzeko eta justizia sistema berrantolatzeko. Estatu kolpea ematea egotzi zioten agintari ohiari bere alderdiak eta hainbat ministrok, besteak beste.

Joan den asteburuaz geroztik, Peruko jarduneko presidente Dina Boluartek dimisioa eman dezala eskatzeko, protesta eta mobilizazio ugari egiten ari dira Peruko zenbait hiritan. Agintariek emandako azken datuen arabera, gutxienez hogei manifestari hil dira; horietatik hamabi atzo hil ziren, gobernuak herrialde osoan larrialdi egoera 30 egunerako ezarri duen lehen egunean. Hezkuntza eta Kultura ministroek dimisioa aurkeztu dute gaur, protesten kontrako «neurrigabeko erantzunarengatik».

Istilu handiak, batez ere, Ayacucho hirian jazo dira azken orduotan; manifestari talde batek indarrez hartu du hiriko aireportua, eta militarrek negar gasak jaurtiz erantzun diote. Orotara, zortzi lagun hil dira, eta 52 pertsona zauritu. Beste sei hildako Apurimac eskualdean izan dira; hiru La Libertaden, eta beste bana Cuscon, Juninen eta Arequipan.

Etxeratze agindua

Hori ikusita, Ayacuchoko Eskualdeko Gobernuak gutun bana igorri die Boluarteri, Barne ministroari eta Defentsa ministroari, heriotzen erantzukizuna leporatzeko eta «karguei berehala uko egin» behar dietela esateko. Era berean, eskatu du Errepublikako Kongresuko zuzendaritza mahaia desegiteko, trantsizio gobernu bat ezarri ahal izateko. Horrez gain, galdegin du indar armatuen eta Polizia Nazionalaren «armen erabilera eta errepresioa berehala» gelditzea.

Atzotik da indarrean Peruko Gobernuak «ordena publikoa berehala berrezartzeko» ezarritako larrialdi egoera, 30 egunerako; etxeratze agindua ere jarri dute hamabost probintziatan. Mugikortasunaren murrizketak gutxienez bost egun iraungo ditu, El Peruano egunkari nazionalak kaleratutako dekretuaren arabera. Defentsa ministro Alberto Otarolak zehaztu duenez, larrialdi egoerak irauten duen bitartean, etenda geratuko dira, besteak beste, lurralde nazionaletik igarotzeko askatasunari, biltzeko askatasunari eta segurtasun pertsonalari lotutako eskubideak.

Latinoamerikako herrialdea krisi politiko eta sozial larri batek astindu duen honetan, joan den asteazkenetik estatuburu denak hauteskunde orokorrak 2024ko apirilera aurreratzeko asmoa azaldu zuen iragan igandean, baina, herenegun Estatu Kontseiluarekin izan zuen bilkura baten ondoren, herenegun esan zuen datorren urteko abendura aurreratzea proposatuko duela.

Horrekin guztiarekin lotuta, hauteskunde erakundeetako ordezkariek eta Justizia ministro Jose Tellok Kongresuko osoko bilkuran azaldu dutenez, 12 hilabeteko kronograma bat bete behar dute Peruko boz orokorrak aurreratzeko. Tellok legegileei esan die hauteskundeak 2023ko abenduan egiten badira ezin izango dituztela egin herrialdeak behar dituen «hauteskunde erreformak».

Gaur, Kongresuak baztertu egin du bozak aurreratzeko konstituzio erreforma. Egitasmoak aldeko 87 boto behar zituen gutxienez, eta 49 batu ditu soilik. Kontrako botoak 33 izan dira, eta 25 legebiltzarkide abstenitu egin dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.