Serbia-Kosovo

Serbiak baimena eskatu dio NATOri bere indarrak Kosovon hedatzeko

Belgradek 1999ko gerraz geroztik aurrenekoz egin du soldaduak eta poliziak bidaltzeko eskaera, NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpen batean oinarrituta. Bi herrialdeen arteko tentsioak koska bat gora egin du azken asteetan.

Kosovon bizi diren serbiarren aldeko manifestazio bat, asteon, Belgraden. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 16a
16:50
Entzun

Serbiako Gobernuak baimena eskatu dio NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea buru duen KFOR Kosovo Indarrari Kosovon bere indarrak, soldaduak eta poliziak atzera hedatzeko. Aleksandr Vucic Serbiako presidenteak nabarmendu du NBE Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1.244. ebazpenean oinarritu duela eskaera. 1999an onartu zuten ebazpen hori, hain zuzen, Serbiako indarren eta Kosovoko albaniarren gerrilla independentisten arteko gerraren ondoren. Belgradek aurrenekoz eskatu du tropak hara itzul daitezela.

Vucicek azpimarratu du aurrez inoiz egin gabeko eskaera bat dela. Gogoratu du soilik 2000ko hamarkadaren hasieran pentsatu zutela berdin jokatzea. Ebazpenaren arabera, Serbiak mila soldadu eta polizia hedatu ditzake kristau ortodoxoak bizi diren lekuetan —Kosovoko albaniarrak, Kosovoko biztanleen %88, musulmanak dira— eta mugako kontroletan, baldin eta KFOReko buruak eskaera onartzen badu.

Ikusi gehiago:Kosovok EBn sartzeko eskaria egin du, jakinda «oztopoak» izango dituela

Eta eskaera iritsi da, hain zuzen, Kosovok asteon EB Europako Batasuneko estatu kide bihurtzeko eskaera egin duenean. Albin Kurti lehen ministroak atzo adierazi zuen espero duela talde komunitarioko kide bihurtzea bederatzi urteko epean. Gainera, bi herrialdeen arteko tentsioak gora egin du azkeneko asteotan. Serbiarrak gutxiengoa dira Kosovon (%7), eta salatu izan dute Pristinako gobernuak baztertu egiten dituela. Hortaz, Kosovo iparraldeko errepideak blokeatu zituzten aurreko astean.

Horiek horrela, Vucicek uste du tropen itzulera «garrantzitsua» izango litzatekeela Kosovoko serbiarrak babesteko, eta baliagarria izango litzatekeela, aldi berean, «bakeari laguntzeko, tentsioa baretzeko, etorkizunaren beste ikuspegi bat edukitzeko, konponbiderako aukerentzako».

Kosovok aldebakarreko independentzia adierazpena egin zuen 2008ko otsailean. Nazioarteak, oro har, estatus hori onartzen dio, AEBek eta EBko estatu gehienak barne; ez, ordea, EBko kideen artean, Espainiak, Ziprek, Greziak, Errumaniak eta Eslovakiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.