etxebizitza

Aldak HSA bizitegi sozialen kudeatzeko egituraren «eskandalu demokratikoa» salatu du

Aldak salatu du HSA Habitat Sud Atlantic egiturako administrazio kontseiluak ez diela kasurik egin bizitegi sozialen alokatzaileen bozei. Alokatzaileek hauteskundeetan Aldaren alde bozkatu zutela argudiatu du mugimenduak. Alta, administrazio kontseiluak bi batzordeetarako sarrera blokeatu die.

Alda mugimenduaren agerraldia etxebizitza sozialetako hauteskunde kanpainan. GUILLAUME FAUVEAU
Garazi Aduriz Zuñeda.
2022ko abenduaren 16a
17:18
Entzun

Abendu hasieran, Alda mugimendua lehen indar gisa nagusitu zen bizitegi sozialak kudeatzen dituen bi egituretako hauteskundeetan. Bozen ondoko lehen administrazio kontseilua izan zuten atzo HSA egituran, eta «eskandalu demokratikoa» salatuz atera ziren batzarretik. Egiturako batzordeetatik Alda baztertu izana deitoratu dute, Serge Darnauthandyren dimisioa eskatu, eta bilkura bat galdegin diote Roland Hirigoien HSAko lehendakariari.

HSA egituran, bizitegi sozialetako alokatzaileen ordezkariak erreberritu behar izan dituzte administrazio kontseilu baten bidez. Erreberritzeko zeuden hiru batzordeetatik bitara aurkeztu dira Aldako hautetsiak: bulegora eta CALEOLera, bizitegien adjudikazio batzordera. Aldak bi batzorde estrategikotzat zeuzkala zehaztu du, helburua erabakiak «nola hartzen» ziren jakitea baitzen, eta «ahal bezain zuzenki» hartuak zirela ziurtatzea. Alta, administrazio kontseiluko gainontzeko hautetsiek Aldaren aurka bozkatu izana salatu du mugimenduak. Ondorioz, Serge Darnauthandyri, CLCVko ordezkariari, hiru komisioetako gidaritza eman dio. CLCV elkarteak bozen %16,47 lortu zituen hauteskundeetan, eta Aldak, berriz, %52,8.

Amaitzeko, hauteskundeetako emaitzekin bat etortzen diren erabakiak hartzeko eskatu diote Etxebizitza Publikoaren Pirinio Atlantikoetako Bulegoko administrazio kontseiluari. Izan ere, Alda mugimendua hauteskundeetan indar nagusi gisa gailendu zen egitura horretan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.