Pilota

Peña-Mariezkurrenak hirugarren garaipena lortu dute

22-12 irabazi diete Ezkurdia-Martijari. 7-7ko berdinketatik aurrera oso nagusi izan dira, eta itxura sendoa eman dute. Galtzaileek garaipen bakarrarekin segitzen dute.

Peña pilotari jotzeko keinua egiten, inguruan beste hiru piloriak dituela. IñIGO URIZ / OKU
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 17a
22:21
Entzun

Aurreko partida galdu arren, txapelketako lehen bi jardunaldietan erakutsi zuten sendotasuna berreskuratu dute Peña II.a-Mariezkurrena II.ak. 22-12 irabazi zieten Ezkurdia-Martijari, Labriten. Partida hasiera gogor eta parekatu baten ostean, irabazleek pilota aldatu dute, eta partida hautsi dute. Mariezkurrena II.a nagusitzen hasi zen atzeko koadroetan, eta hori ederki baliatu du Peña II.ak aurrean tantoak bikain amaitzeko. Gaurkoarekin hirugarren garaipena dute Peña II.a-Mariezkurrena II.ak. Galtzaileek, Ezkurdia-Martijak, bakarrarekin segitzen dute. Partida hasiera ona egin dute. Martijak berak amaieran esan zuenez «orain arte txapelketako onena». Baina aurkariak aurretik jarri diren momentutik kontrakarrean aritu dira.

Hasiera on horren seinale, 3-0 jarri ziren aurretik Ezkurdia-Martija. Baina segidan Ezkurdiak falta egin du sakearekin, eta hurrengo tantoa ere urdinez jantzitako bikotearentzat izan da, Peña II.ak txokoan utzitako pilota bikain bati esker. Beste bi ere egin dituzte segidan, eta hala estreinakoz aurretik jarri dira norgehiagokan: 4-3. Gogorra eta parekatua izan da partida hasiera. Ez bikote batek, ez besteak ere, ez dute partida haustea lortu. Tantoak luzeagoak izateak Ezkurdia-Martijari egiten zien mesede. Izan ere, Peña II.a-Mariezkurrena II.a ohituagoak daude tantoa bizkor amaitzera, eta biziago jokatzera. Dena den, tantaka lortzen zuten tantoak halakoak izatea.

Defentsako lanean batez ere oso sendo aritu dira bi bikoteak. Hala iritsi ziren 7-7kora. Neurketaren gogortasunaren seinale izan da Peña II.a-Mariezkurrena II.a 8-7 aurretik zirela, bi bikoteek eseri egin direla arnasa hartzera.
Berdintasun horrekin, hiruzpalau tantoko zuloa egiten zuen bikoteak asko izango zuen irabazita. Hor irabazleek beren pilotetako bat atera dute, ez horren bizia. Partida goitik behera aldatu da. Mariezkurrena II.ak neurketaren aginte makila hartu duatzean, beste behin duen joa erakutsiz. Hala, Ezkurdia jokoan ez sartzea lortu zuten. Aurrean hori aprobetxatu du Peñak tantoak egiteko, gustuko duen moduan jokatuz: bizi. Baina txapelketa honetan beste gauza bat gehitu dio tolosarrak: zentzua. Aldea handitzen joan dira horri esker: 13-7.

Aurkarien sendotasunaren aurrean ezin zuten zulorik topatu Ezkurdiak eta Martijak, eta aukerako pilota bat galdu du Ezkurdiak. Partida hautsita zegoen: 14-7. Une horretan, ordea, Mariezkurrena II.ak huts bat egin du. Hala, gorriek aukera izan dute pilota aldatzeko. Baina tanto bakar bat egin dute, eta berriro ere garaileek berreskuratu dute sakea: 15-8. Amaierara bitarte tanto bakan batzuk egin dituzte Ezkurdiak eta Martijak, baina urruti egon dira partidan berriz sartzetik. Izan ere, Peña II.a-Mariezkurrena II.ak sendo eutsi diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.