Peru

Boluartek Peruko lehen ministroa kargugabetu du

Gobernu berria izendatu nahi du Peruko presidenteak, tentsio politikoa «elkarrizketaren» bidez baretzeko. Pedro Angulo lehen ministro kargugabetuak Boluarteren erabakia babestu du: «Karguek agintariaren babesa izan bitartean diraute».

Dina Boluarte eta Pedro Angulo. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abenduaren 19a
08:54
Entzun

Osatu eta hamar egun baizik ez du iraun aldaketarik gabe Dina Boluarte Peruko presidentearen gobernuak. Herrialdea murgilduta dagoen krisi politikoan, gobernua berregituratzea erabaki du; hiru ministeriori eragingo die aldaketak. Horiek horrela, Pedro Angulo lehen ministroa kargugabetu du. Boluartek hartu duen erabakiaz mintzatu da Angulo, eta adierazi du «beharrezkotzat jotzen dituen neurriak» har ditzakeela. «Presidenteak izendatzen gaitu, konfiantza ematen digu». Lehen ministro ohiaren iritziz, presidentearen esku dira kargugabetzeak, «baliagarriak diren jakitun egongo baita». Hala, arrazoia eta babesa eman dio Boluarteren erabakari: «Badakigu gure karguak, beren izaeragatik, ez direla amaigabeak. Karguek agintariaren babesa izan bitartean diraute».

Boluartek aldaketak egingo ditu gobernuan, baina bere horretan jarraituko du presidente lanetan. «[Karguari] uko egitea biolentoei arrazoia ematea da». Tentsio politikoa handia da Perun, eta gutxienez 25 pertsona hil dira liskarretan. Izan ere, protesta jendetsuak izan dira herrialdean Castilloren alde eta Boluarteren dimisioa exijitzeko. Presidentearen dimisioak, Boluarteren iritzitan, «ez lituzke arazoak aldatuko», ezta manifestazioak baretuko ere.

Boluartek argi du gobernu berria nolakoa izatea nahi duen: «apur bat politikoagoa» behar du, «aurre egin» diezaion gizartearen nahigabeari, baita «elkarrizketaren zubiak» zutitzeko ere. Elkarrizketa lehenestearena azpimarratu du Peruko presidenteak hedabideei eskainitako lehen hitzetan: «Gobernu honek ateak irekita solastatu behar du, ministerioekin eta agintari berriekin; Kongresuak, berdin».

Tentsio politiko bizian da Peru, eta Boluartek esan du gobernuak «neurri egokiak» hartu dituela liskarrei aurre egiteko. Segurtasun indarrek negar gasa erabil dezatela ezarri dute, eta ez perdigoiak, nahiz eta sare sozialetan aurkakoa erakusten duten bideoak zabaldu diren. Neurri horiek «herrialdea lasaitu» dadin aplikatu dituzte, «baina, batez ere, bizitza eta osasuna zaintzeko, baita negozioak ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.