Gutxieneko soldata 46 eta 82 euro bitartean igotzea proposatu du Diazek

Lan Ministerioak izendatutako aditu taldeak proposamen bat baino gehiago egin du gutxieneko soldata igotzeko, %4,6 eta %8,2 arteko igoerak mahaigaineratuz.

Yolanda Diaz Lan ministroa, eta Inmaculada Cebrian, ikerketaren koordinatzailea. CHEMA MOYA / EFE
Maddi Iztueta Olano - Iñaut Matauko Rada
2022ko abenduaren 19a
13:05
Entzun

Legealdiaren amaieran lan arteko gutxieneko soldata batez besteko soldataren %60 izateko mugarria hitzartu zuten PSOEk eta Unidas Podemosek gobernu akordioan. Bide horretan, Espainiako Lan Ministerioaren buruak, Yolanda Diazek, 2023an gutxieneko soldata igotzeko proposamenak plazaratu ditu goizean, aditu talde baten laguntzaz. Igoera apalena %4,6koa litzateke, eta handiena, %8,2koa. 1.046 eta 1.082 eurorainoko igoerak dira horiek, 1.000 eurokoa baita gutxieneko soldata gordina 2022an, hamalau ordainsaritan. Tarteko beste bi igoera ere proposatu dituzte: %5,4 eta %6,6. Orain, Diazen ministerioak sindikatuekin eta enpresaburuekin negoziatu beharko du igoera; asteazkenean izango dute lehen bilera.

Hala ere, Espainiako Gobernuaren barruan badira desadostasunak. Lan Ministerioak pentsioen igoerarekin parekatu nahi zuen gutxieneko soldataren igoera, %8,5 —2022ko KPIaren igoerak ezarritakoa—. Ekonomia eta Ogasun Ministerioek igoera apalagoa eskatzen dute, eta, horregatik, proposamena ez dute babestu izendatutako aditu guztiek. Bederatzik babestu dute, baina beste bik ez, aipatutako ministerioek izendatutakoek hain zuzen.

Bestalde, sindikatuek %10eko igoera eskatu dute, 1.100 euroraino —urtean 15.400 euro gordin—. CEOE Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioak, berriz, igoera “moderatua” izatea espero du. Konfederazioak iritzi dio ez dela “une egokia soldatak igotzearen inguruko eztabaidari heltzeko”. Haren arabera, lanbide arteko gutxieneko soldata igotzea “hitzarmen kolektiboen kalterako” izan liteke. Zenbat eta gehiago igo gutxieneko soldata, orduan eta langile gehiagok kobratuko dute. Horrek langile talde zabal baten ordainsariak igotzea dakar patronalarentzat, eta, beraz, hitzarmen kolektiboak “hobetu” beharko dituzte.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 40.000 langile ingururi eragingo die soldata igoerak. Horien herenak Gipuzkoan bizi dira, hots, 13.000 langile inguru. Nafarroan, berriz, 18.500 langile ingururi eragingo die. Lurralde horietako ia langile guztiek zerbitzuen sektorean egiten dute lan; batez ere ostalaritzan eta lehen sektoreko enpleguetan.

Inflazioak eta energia krisiak baldintzatutako igoera

Adituen Batzordea honako hauek osatzen dute: arloan aditu diren zenbaitek, Espainiako Gobernuko kide batzuek eta sindikatuetako pare bat ordezkarik. Gutxieneko soldata finkatzeko, kontuan hartzen dituzte estatuko batez besteko ekoizpen tasa, KPI kontsumo prezioen indizea, lanaren partaidetzaren igoera errenta nazionalean, eta herrialdeko egoera ekonomiko orokorra.

Zenbait ikerketaren ostean, batzordeak proposamena aurkeztu zuen iragan irailean: 2023ko gutxieneko soldata 1.012 euroren eta 1.049 euroren artean finkatzea. Energia krisiak, bizitzaren garestitzeak eta erosteko ahalmenaren galerak, ordea, panorama ekonomikoa goibeldu dute, eta hori kontuan hartuta kalkulu horiek eguneratzeko eskatu zion ministerioak batzordeari.

Azken hiru urteetan %33,5 egin du gora Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldatak. Lehenbizi, 735 eurotik 900 eurora igo zen 2019an, 950 eurora 2020an, 965 eurora hurrengo urtean, eta, azkenik, 1.000 euroen langara iritsi zen iaz.

Inguruko herrialdeekin alderatuta, berandu iritsi da gobernuaren erabakia. Europako zenbait estatuk udazken hasieran iragarri zuten 2023ko soldata igoeraren zenbatekoa. Kasu guztietan, iaz onartutakoak baino altuagoak izan ziren. Esaterako, Belgikak %13ko igoera iragarri zuen iazko %4koaren aldean, Alemaniak %15ekoa, Herbehereek %10ekoa, eta, Lituaniak, berriz, %18,9koa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.