Lan harremanak

Adituen arabera, gutxieneko soldata 46 eta 82 euro artean igo beharko litzateke

Espainiako Gobernuak urte amaiera aurretik zehaztu behar du, eta txostenak ez du asko argitu egoera. Hego Euskal Herriko lan harremanetan ezar daitekeen gutxieneko soldata da.

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonom ministroa. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko abenduaren 19a
13:39
Entzun

Espainiako Gobernuak Lan Ministerioak hainbat adituri eskatu dien txostenaren arabera, gutxieneko soldata (SMI) %4,6 eta %8,2 artean handitu beharko litzateke. Hego Euskal Herriko soldatei ezar dakiekeen gutxieneko langa da, eta gaur egun 14.000 euro gordinekoa da urtean. 1.000 euroko hamalau ordainketa dira, eta txostenaren egileek horietako bakoitza 46 eta 82 euro artean handitzea iradoki dute. Ministerioak asteazkenerako deitu ditu eragile sozialak, eta, ahal badu, kopuru bat adostuko du. Kontsentsu hori, baina, ez da derrigorrezkoa, dekretu bidez ere ezar baitezake igoera. Hori bai, urte amaiera aurretik erabaki behar du.

Txostena osatu duten adituen taldeak negoziatzeko tarte handia utzi du, 36 euroren aldea baitago gutxieneko igoeratik gehienezkora —504 euro urtean—. Jokaleku horretan mugituko da ministerioa enpresariekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin izango duen bileran. Dena den, adituen batzordeak negoziazio horiek eman dezaketenaren estimazio bat ere sartu dute txostenean, eta %5,4ko eta %6,6ko igoeraren artean kokatu dute. Adituek, halaber, eta inflazio handiaren eraginez, kopuru hori sei hilabete barru berrikustea gomendatu dute.

Batzordearen arabera, igoera horrekin lortuko litzateke gutxieneko soldata batez besteko soldata garbiaren %60 izatea, Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen bezala. 2020n SMIa igo zutenean, batez besteko soldata 1.856 euro zela kalkulatu zuten, eta horregatik ondorioztatu zuten 2020ko igoerak 1.035 eurorainokoa izan beharko lukeela. Oraingoa kalkulatzeko datu iturri nagusiak bi izan dira: Lan Kostuen gaineko Inkesta eta lan hitzarmen orokorrak.

Lan ministerioak asteazkenerako deitu ditu enpresariak eta sindikatuak. Yolanda Diaz ministroak onartu duenez, enpresariak agertzea espero du, baina ezin da ziurtatu. CEOE Espainiako enpresarien elkartean iragan astean jakinarazi zuen ministerioarekin harremanak hautsiko zituela Enpleguaren Legearen inguruan onarturiko azken zuzenketarengatik. Enpresariak SMIaren igoeraren aurka agertu dira, eta, haien arabera, enplegua sortzea oztopatuko du. Sindikatuek, berriz, %10eko igoera eskatu dute. Ondorioz, oso zaila dirudi adostasun erabatekoa lortzeak. Litekeena da Espainiako Gobernuak hilaren 27ko Ministroen Kontseiluan ematea igoeraren berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.