Alderdiak

«Kalitate demokratiko handiagoko politika» egin nahi du EAJk

Entzunez Eraiki prozesuaren ondorioak aurkeztu ditu. Klima larrialdiari, berdintasunari eta immigrazioari garrantzi berezia eman nahi die. Etorkizunari begirako hamar konpromiso hartu ditu EAJk.

EAJren ekitaldia, gaur. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko abenduaren 19a
21:51
Entzun

EAJk bukatutzat eman du Entzunez Eraiki izeneko prozesua, eta horren ondorioak aurkezteko egindako ekitaldi baten bidez jarri dio amaiera. Entzuketa aktiboko prozesu bat izan da, hamar bat hilabete iraun duena –otsailaren 19an egin zuten lehenengo bilkura, Gasteizen– eta horren helburua izan da «gizarteari entzutea» eta zenbait gairen inguruan aditu eta gizarte eragileen iritzi eta ekarpenak jasotzea. Horrekin «kalitate demokratiko handiagoko politika» egitea jarri dute jeltzaleek xede.

EAJk emandako datuen arabera, sakoneko elkarrizketak izan dituzte zenbait arlotako 50 aditu ingururekin, mila lagun baino gehiagok inkestak bete dituzte, hamar mintegi antolatu dituzte zazpi gairen inguruan, non berrehun pertsona baino gehiagok parte hartu duten, eta Euskal Herri osoko 1.500 bat alderdikidek ere ekarpena egin dute prozesuan.

Berrikuntza Politikoaren Arloko arduradun Xabier Barandiaranek eman du prozesuaren ondorioen berri. Esan duenez, horrelako prozesu bati ekin izana«garrantzitsua» izan da, baina hori bezain garrantzitsutzat jo du prozesutik ateratako ondorioak alderdiaren programan eta eguneroko jardueran txertatzea.

Alderdi «serioa»

Alderdiari dagokionez, Barandiaranek esan du EAJ «alderdi serioa» dela eta «jendearen konfiantza bereganatzen» jakin duela, baina, hala ere, zenbait eginkizun jarri ditu etorkizunerako: alderdiaren barruan «pertsonak zaintzea», burokratizaziotik ihes egitea, «hurbilagoko irudia» ematea –«gorbata gutxiago eta elastiko gehiago», esan du– eta alderdiaren barne bizitza sendotzea.

Barandiaranek esan duenez, gizartean «aldaketa sakonak» gertatzen ari dira, eta beharrezkoa da «agenda politiko berria» aintzat hartzea. Batez ere, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, immigrazioa eta klima larrialdia aipatu ditu agenda politiko berri horren ezaugarri gisa. Lehenengoari dagokionez, esan du emakumeak politikaren lehenengo lerroan egotea «gehiago atzeratu ezin daitekeen zeregina» dela, eta immigrazioaren inguruan esan du beharrezkoa dela «alderdia pertsona migratzaileei irekitzea» eta «beste kultura batzuekin elkarrizketa» sustatzea.

Euskara ere aipatu du Barandiaranek. Esan duenez, prozesuan parte hartutako zenbait eragilek leporatu diete euskara EAJren «lehentasuna» ez izatea eta gehiago aritzea euskararen inguruan euskaraz baino: hori aldatzeko beharra nabarmendu du.
EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek «hitza hitz» esamoldea hartu du ahotan: «Prozesua abiatu genuenean hitz eman genuen ondorioak aurkeztuko genituela, eta hitza betetzen ari gara». Orain, Ortuzarrek hitza eman du berriro, prozesuaren ondorioz hartutako konpromisoak bete egingo dituztela ziurtatzeko.

Nafarroa eta Ipar Euskal Herria

Konpromiso horiekin osatutako dekalogoa aurkeztu du Ortuzarrek. «Demokrazian sakontzea eta indartzea», EAJren barne bizitza aktibatzea, harremanak areagotzea gizarte antolatuarekin, «kontakizun osoago bat» sustatzea «herritarrak Euskadirekin eta eraikuntza nazionaleko proiektuarekin» hobeto identifika daitezen, euskararentzat «garai berri bat» irekitzea, genero berdintasuna, aniztasuna eta iraunkortasuna bultzatzea, garapen ekonomikorako eredu propioa sustatzea eta beste zenbait konpromiso agertzen dira EAJren dekalogo horretan.

Horien artean, bada bat Nafarroari eta Ipar Euskal Herriari erreparatzen diena, hango «anaia-arrebei». «Autokritika egiten dugu Euskal Autonomia Erkidegotik Nafarroa eta Iparraldeko gure anai-arreben arteko harremanean nagusitu den jarreragatik. Asko hitz egin dugu eta gutxi entzun dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.