Albistea entzun

Zientzia

«Oso indar gutxi daukat», Marteko barrunbeen esploratzailearen agurreko mezua

Planeta gorriaren barruko aldea aztertzen aritu da 'InSight' gailua 2018. urtetik. NASAk iragarri du litekeena dela robotak azkeneko argazkia bidali izana, argindarrik gabe geratu delako.

'InSight' esploragailuaren aurreko aldea, Marten, zundak abenduaren 11ean bidalitako irudian. Azkeneko argazkia izango dela uste du NASAk, gailua argindarrik gabe geratu delako..
'InSight' esploragailuaren aurreko aldea, Marten, zundak abenduaren 11ean bidalitako irudian. Azkeneko argazkia izango dela uste du NASAk, gailua argindarrik gabe geratu delako.. NASA/JPL-Caltech Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2022ko abenduak 20

«Oso indar gutxi daukat; beraz, litekeena da hau izatea bidali ahalko dudan azkeneko argazkia». Mezu horrekin agur esan du NASAK 2018. urtean Martera bidalitako InSight esploragailuak. Izan ere, planeta gorriko hautsak haren eguzki plakak estali ditu, eta argindarra ahitu zaio makinari. InSight-engatik ez kezkatzeko adierazi dute, ordea, haren sare sozialak daramatzatenek. «Hemen eman dudan denbora emankorra eta lasaia izan da».

«Emankorra», alajaina. Izan ere, misio zehatza zuen gailuak, eta, lortu dituen datuei esker, goitik behera aldatu dira Marteren muinaren inguruan zeuden usteak. Marteko barruko aldea hilda eta geldituta zegoela uste zen, baina Insight-ek erakutsi du lurrikarak badaudela gaur ere, eta magma etengabe mugitzen ari dela azalaren azpian.

Lau urte iraun du gailuaren esplorazioak. Iazko otsailean hasi ziren arazoak. Hautsa pilatzen joaten da Marten dauden gailuen eguzki plaketan, eta horrek Eguzkiaren argia blokeatzen du. Zientzialariek itxaropena dute Marten dabiltzan haize bolada eta zirimoletan. Horiek batzuetan hautsa pilatzen dute plaketan, baina, tarteka, pilaturikoa eramaten dute, eta, beraz, garbitzen laguntzen dute. Baina, espero baino ufada garbitzaile gutxiago gozatu ditu gailuak. Iazko otsailean, haren plakak berez ahal duten energiaren %27 baino ez ziren ekoizten ari.

Iazko maiatzean, NASAk gailua energia gutxiko moduan jarri zuen, misioarekin jarraitzeko plaketan hauts gehiegi zegoela iritzita.

Orain heldu da azken erabakia: 2022ko urte amaieran zen bukatzekoa misioaren epe ofiziala, eta ez luzatzea ebatzi dute.

Martikarak

Barneko Esplorazioa Ikerketa Sismikoak Geodesia eta Bero Garraioa esaldiaren sasiakronimo gisa osatu zuten InSight gailuaren izena. Baina insight hitzak, aldi berean, ulermen sakona edo barrukoaren pertzepzioa adierazten ditu. Izen aproposa, beraz, gailuaren misioa zein zen ikusita.

NASArena zen gailua, baina haren tresna nagusiak Europan eraiki zituzten. Tartean zen SEIS izeneko seismometroa. Marteren barrukaldearen aktibitatea atzemateaz gain, horri esker planetaren barrunbeen hiru dimentsioko modeloak lortzea zen horren eginkizuna. Beste tresnek aztertuko zuten beroa nola mugitzen den planeta gorriaren bihotzean.

Martikarak eta haien oihartzunak aztertuta, planetaren muina zerez eginda dagoen jakin ahal izan dute. Marten magma dagoela jakiteak, berriz, itxaropena piztu du han inoiz bizitza aurkitzeko. Izan ere, planeta hotzegia da, eta haren atmosfera finegia da haren azalean ura pilatzeko. Baina, barruan beroa baldin badago, litekeena da horrek aukera ematea barruan ur likidoa egoteko. Baliteke ur horretan mikrobioak bizirauteko baldintza egokiak egotea.

Beraz, duela 3.600 milioi urte Marte oso bizirik zegoen; biologikoki ez badakigu ere, bai behintzat geologikoki. Sumendiak zeuden han, eta Eguzki Sistemako sumendi sistemarik handiena sortu zuten, Tharsis Montes gunea eta Olympus Mons sumendia –Everest mendia halako hiru da–. Baina inor gutxik espero zuen ikustea gaur ere badaudela magma mugimenduak han, eta planetaren azalera aldatzen ari direla. Hori guztia InSight-ek erakutsi du.

Marteko Cerberus hobiko arrakaletako bat. Erlatiboki berriak dira arrakalak, eta InSight-ek frogatu du gaur planetan dagoen magma mugimenduek eragin dituztela. ESA/DLR/FU Berlin

Misioa amaitu baino egun batzuk lehenago esan du agur zundak, beraz. InSight ez da ibilgailu bat, Marten dauden Perseverance eta Curiosity bezala. Marten lur hartu zuen lekuan bertan geratu zen, mugitu gabe. Haiek plutoniozko sorgailuak dituzte, behar duten argindarra ekoizteko. Inork ezin ditu garbitu InSight-en eguzki plakak, eta luze gabe itzaliko da gailua, baina Marte eta gizateria ondo argitu ostean.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©PEIO GOIENETXEA

«Indartsu dago Euskal Herriko hardcore eszena»

Unai Etxenausia

Euskal Herriko hardcore eszenaren parte da Gonzalez. 'Zaldi Beltza' kaleratu berri du Vibora taldearekin, depresioari eta antsietateari erreferentzia egiten dion diskoa.
Maialen Chourraut piraguista, <em>Geldiezinak</em> proiektuaren fotograma batean. ©BASQUE TEAM

'Geldiezinak' proiektua sortu dute emakume kirolarien lanari balioa emateko

Amaia Jimenez Larrea

Emakume kirolarien lanari balioa emateko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eta Basque Team fundazioak 'Geldiezinak' proiektua sortu dute. Podcastek, bideoek eta ipuinek osatzen dute.

Euskara, batukadaren martxan

Jendez eta zubiz betetako errioa

Enekoitz Telleria Sarriegi

Milaka lagunek parte hartu dute Errenteriako Kilometroak jaian. Udazken beteko uda giroa lagun, urte osoko jarduna borobildu dute Orereta ikastolakoek. Euskara, eta euskal kultura sustatu nahi dituzte lortutakoarekin: «Herria, nazio ikuspegia, komunitatea eta elkartasuna beste ikastolekin»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...