Euskal Selekzioa 3-0 Txile

Euskal Selekzioa Txileri gailendu zaio, serio jokatuta

Nerea Eizagirrek, Amaiur Sarriegik eta Ane Miren Martinez de Lahidalgak sartu dituzte euskal selekzioaren hiru golak. Giroa ez da falta izan, baina zale gutxi bildu dira Mendizorrotzan.

Euskal Selekzioko jokalariak, goletako bat ospazen. RAUL BOGAJO / FOKU
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 20a
21:33
Entzun

Euskal selekzioak beste behin erakutsi du partida eta txapelketa ofizialak jokatzeko aukera izanez gero kontuan hartzeko moduko selekzioa izango litzatekeela. 3-0 gailendu zaio Txileri, partida lehiakor eta serio bat jokatuz, konplexurik gabe. Joko aldetik partida txukuna egin du, eta hasieratik joan da partidaren bila.

Golegileak Nerea Eizagirre, Amaiur Sarriegi eta Ane Miren Martinez de Lahidalga izan dira. Realeko bi jokalariak aseezinak dira aurkariaren ate aurrean, eta gaurkoan beste behin erakutsi dute hori. Oraingoan, selekzioaren elastikoarekin. Etxean aritu da Alaveseko aurrelaria, eta hark ere utzi nahi izan du bere arrastoa partidan. Harmailetan giroa izan da. Jokalariei ez zaizkie animoak falta izan. Baina zale gutxi bildu dira. Egunak, orduak eta euriak ez dute asko lagundu horretan.

Ez da nolanahiko aurkaria euskal selekzioak aurrean izan duena. Txile bi aldiz izan da txapeldunorde Amerikako Kopan, eta 2019an lehen aldiz aritu zen Munduko Kopan. Hain zuzen ere, datorren urtean bigarrenez egoteko aukera izango du, baldin eta aurretik kanporaketa bat gainditzen badu. Kanporaketa horretan Senegal edo Haiti izango du aurkari.

Euskal selekzioak argi erakutsi ditu bere asmoak lehen minutuetatik: baloiaren jabetza eduki nahi izan du, eta, hortik abiatuta, jokoaren ekimena. Partidako lehen aukera selekzioarena izan da. Leire Bañosek area ingurutik jaurti du, baina kanpora joan zaio baloia. Txilek apenas eutsi dio baloiari. Lehen minutuetan euskal selekzioa hegaletatik saiatu da batez ere min egiten, Cecilia Marcosen eta Marta San Adrianen sakontasuna baliatuz. Gainera, Amaiur Sarriegi eta Nerea Eizagirre lerro artean agertu direnean, beste argitasun bat eman diote erasoko jokoari.

Txilek ez du estutu euskal selekzioaren baloi irteera, baizik eta zelai erdira iritsi aurretik hasi du defentsako lana. Hortik atzera ondo jarrita egon da, eta Juanjo Arregiren jokalariei kosta egin zaie zuloak topatzea. Horren aurrean, geldikako jokaldiak dira egokienak, aurkariaren defentsa apurtzeko. Gertu izan du horretarako aukera Ione Ibañezek. Nerea Eizagirrek bikain jaurti du falta bat, eta Eibarreko jokalariak kanpora bidali du baloia buruz, ia gol arrastoan zegoela.

Euskal selekzioa hobeto aritu da, gauzak Txilek baino argiago edukita. Hala, 40. minutuan saria jaso du. Nerea Eizagirrek gola sartu du. Area ertzean jokaldi ona lotu dute Marta San Adrianek eta Nerea Eizagirrek, eta Realeko kapitainak gol polita sartu du, Txileko atezain Ryann Torreroren hanken artean baloia sareratuz. Bigun ibili dira atzelariak jokaldi horretan.

Nerea Eizagirrek abantaila handitzeko abagunea izan du gero, ohikoak dituen urrutiko jaurtiketa horietako batean. Baina baloia zutoinera joan da.

Bigarren zatian estutzen hasi da euskal selekzioa. Amaiur Sarriegi eta Nerea Eizagarre buruko min izan dira txiletarrentzat. Zerbait aldatu asmoz, Txile joko zuzenagoa jokatzen hasi da, baloi luzeen bidez. Baina euskal selekzioa serio aritu da defentsako lanean, eta ondo eutsi die aurkariaren ekinaldiei.

Txilek eduki du gero jokoaren ekimena. Baina euskal selekzioak erakutsi du bigarren gola nahi zuela. Amaiur Sarriegik aukera aparta izan du gola sartzeko. Ondo jaso du Patricia Zugastik emandako pasea, eta Txileko atezainari ondo egin dio izkin. Errematea, ordea, atepetik atera dute Txileko atzelariek. Baina hurrengo jokaldian akatsa egin dute bisitariek baloia ateratzean. Baloia Nerea Navadok berreskuratu du, eta hark jarritako baloia bultzatu besterik ez du egin behar izan Amaiurrek bigarren zutoinean. Hala, aurreko jokaldiko arantza kendu ahal izan du.

Nagusi izaten segitu du euskal selekzioak, baloia zuenean Txilek baino biziago eta hobeto mugitu du, eta, partida biribiltzeko, hirugarren gola sartu du kontraerasoan.

Horrek erabakita utzi du partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.