AEB-ak

Bidenek eskatu dio Gorenari bertan behera uzteko papergabeak mugara iritsi ahala kanporatzeko araua

Etxe Zuriak ohartarazi dio Gorenari COVID-19ak eragindako pandemia piztu zen garaian ezarritako osasun neurri bat baliatu nahi dutela errepublikanoek «immigrazioa kontrolatzeko»

Hiru immigrante, herenegun, Ciudad Juarezen (Mexiko), Rio Grandek ezartzen duen mugaren ondoan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 21a
12:56
Entzun

AEBetako Auzitegi Goreneko presidente John Robertsek ontzat eman du hemeretzi estatu errepublikanotako fiskal nagusiek osatutako koalizio batek egindako eskaera, eta astelehenean deliberatu zuen indarrean mantentzea papergabeak Mexikoko mugara iritsi ahala kanporatzeko 2020ko martxotik indarrean dagoen osasun araua. Berez, gaur zen bertan behera geratzekoa. Eta Etxe Zuriak eskatu dio Gorenari indargabetu dezala 42. Titulua deitutako prozedura, argudiatuz errepublikanoek «immigrazioa kontrolatzeko» baliatu nahi dutela. Iturri ofizialen arabera, azkeneko ia hiru urteotan 2,7 milioi papergabe kanporatu dituzte AEBetatik, hori erabilita.

Elizabeth Prelogar AEBetako prokuradore nagusiak idatzi du Joe Biden presidentea buru duen gobernuaren eskaera, eta azaldu du, besteak beste, fiskalek aurkeztutako mozioaren helburua ez dela «ez osasun publikoaren garrantzia aldarrikatzea, ez COVID-19aren hedatzea galgatzea». Izan ere, aintzat hartu behar da araua Donald Trump Etxeko Zuriko maizter zela sartu zela indarrean, COVIDak eragindako pandemia mundu guztian zabaltzear zegoela, eta CDC Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroaren txosten bat oinarritzat hartuta.

Baina jada ez da betetzen txosten hartan jasotakoa, eta, horrenbestez, Etxe Zuriak uste du «Kongresuak onartutako migrazio sistema» berrezarri behar dela. Nolanahi ere, prokuradore nagusiak ohartarazi du 42. Titulua bukatzeak «ziurrenik» eragingo duela «segurtasun gabezia gehiago eta behin-behinean areagotzea legez kanpoko zeharkaldiak». Gobernuak maiatzean iragarri zuen neurria bertan behera utziko zuela.

Columbia estatuko auzitegi federal batek eskatu zuen, joan den azaroan, araua indargabetzeko, iritzita «gizateriaren kontrakoa» dela, eta kanporatutakoak itzularazten dituela ziurrenik «jazarriko, joko, torturatuko edo bortxatuko» dituzten lekuetara. Hain zuzen, horrek eragin zuen errepublikanoak nagusi diren estatuetako fiskalen erreakzioa.

Etxe Zuriarentzat, «immigrazioaren arazoari» ezin zaio erantzun osasun arau bat era mugagabe batean luzatuz, «mundu guztiak onartzen duen honetan gainditu duela osasun publikoa zaintzeko justifikazioa». Hortaz, administrazioak planteatzen du papergabeak kanporatzeko politika bati eustea, baina 8. Titulua deitutakoa aplikatuz. Horrek zehazten du papergabeek asiloa eska dezaketela AEBen eta Mexikoren arteko mugako postuetan, eta administrazioak duela deportazioak agintzeko eskumena, baita sartzeko baldintzak betetzen ez dituztenak edo «ezin onartuzkoak» direnak zigortzekoa ere.

Estutasunak

42. titulua bertan behera geratzekoa zen, eta horrek, orduan, azken asteetan tentsioa areagotu du AEBen eta Mexikoren arteko mugan. Agintariek adierazi zuten, orain aste batzuk, aurreikusten zutela egunero 18.000 bat papergabe artatu beharko zituztela. Ez dira kopuru horietara heldu, baina, egin dituzten kalkuluen arabera, 9.000 eta 14.000 artean ari dira iristen egunero AEBetara —3.000 kilometro ditu mugak—.

Horiek horrela, joan den larunbatean larrialdi egoera ezarri zuten El Paso mugako hirian (AEBak). Gavin Newsom Kaliforniako gobernadoreak, demokraten artean ahots nagusietako bat denak, joan den astean esan zuen immigranteentzako bederatzi zentro betera dituztela estatu hartan, eta ohartarazpen bat egin du: «Orain daukagun sistemak ez du funtzionatzen». Erantzukizunak hartzera deitu zuen, bide batez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.