'Sansoheta auzia'

Sansohetako akusatuei ia 80 urteren zigorrak ezarri dizkiete guztira

Adingabeak galbideratu eta sexu erasoak egin izana egotzi diete; lauk zigor arinagoak izan dituzte, akusazioarekin akordioa lortuta.

Akusatuak, epaiketa hasi zen egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko abenduaren 22a
11:19
Entzun

Orotara, 79 urte eta erdiren zigorrak ezarri dizkiete Sansoheta auziko hamar akusatuetatik bederatziri. Bestea errugabetzat jo dute. Epaian frogatutzat jo dute akusatuek sexu erasoak egin zizkietela Sansoheta zentroan Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden zenbait adingaberi. Kasu batzuetan, adingabeei pornografia erakutsi izana eta haiei drogak ematea ere egotzi diete. Guztira, 39 delitu egozten zizkieten, eta horietatik 27 frogatutzat jo dituzte.

Akusatu bati hamabost urte eta egun bateko zigorra ezarri diote; hori izan da zigorrik handiena. Adingabeak galbideratzea, sexu erasoak egitea, adingabeei pornografia erakustea eta osasun publikoaren kontrako delitu bat egitea ere egotzi diote. Hamahiru urteko zigorra ezarri diote beste bati, 11 urtekoa beste bati, eta hamarna urteko zigorra biri.

Gainerakoek zigor arinagoak izan dituzte, «kaltea erreparatu izanaren aringarria» aplikatu dietelako: bost eta zazpi urteko zigorrak ezarri dizkiete. Zigorrik arinena urtebete eta egun batekoa izan da: aringarri hori aplikatu dioten akusatu bat da. Horri zaintzapeko askatasuneko hiru urteko zigorra ere jarri diote.

Zazpi adingabe

Epaiketa joan den irailaren 26an hasi zen. Akusatuei leporatzen zieten Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden adingabeak prostituitu zituen sare bateko kide izatea. Akusatuetako zenbait Sansoheta zentroko langileak ziren; izan ere, zentro horretan bizi ziren bi adingabek egindako salaketaren ondorioz abiarazi zen auzibidea. Orotara, zazpi adingaberi sexu erasoak egin izana leporatzen zieten.

Akusatuetatik lauk delituak onartu zituzten; aitortu zuten webgune baten bidez kontaktua izan zutela prostituzio sarearekin eta adingabeekin sexu harremanak izan zituztela. Akordioa egin zuten akusazioarekin, eta, horren ondorioz, fiskaltzak zigor txikiagoak eskatu zituen haientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.