Abentura

Miarritzetik Marokora, aitonaren Renault 4L zaharrean

Eako (Bizkaia) bi gaztek urtebete pasatu dute aitonaren auto zaharra konpontzen, lasterketa solidario batean parte hartzeko asmoz. Otsailean abiatuko dira.

Edu Lartzanguren.
2022ko abenduaren 22a
15:35
Entzun

Renault 4L autoa lur orotariko ibilgailua zen, halakoak asmatu baino lehen. 1961etik aurrera, izugarri zabaldu zen Euskal Herriko baserrietan, merkea izateaz gain, edozein lokatzetan eta harbidetan ibiltzeko gauza zelako, zamatuta gainera. Basamortuan ibiltzeko gauza dela frogatuko dute laster Eako (Bizkaia) Andoni Larrinaga eta Ibon Malaxetxeberria lehengusuek. Izan ere, aitonak baserrian gordeta zuen 4L auto zaharrarekin, Miarritzetik Marrakexerako bidaia egingo dute aurki.

Urte bat pasatu dute lehengusuek Santiago Larrinaga aitonak Olabarri baserrirako erosi zuen autoa konpontzen. «Kanpotik polit jarri behar dugu, jendea engainatzeko», adierazi dio Malaxetxeberriak BERRIAri. Izan ere, 4L Trophy «elkartasun ekintzan» parte hartuko dute otsailaren 16tik 26ra.

18 eta 28 urteko gazteek har dezakete parte rally horretan, baldintza bakarrarekin: Renault 4L batekin joatea. Ekintzaren helburua «basamortuko haurrei» eskola materiala eta botikak eramatea da, antolatzaileen arabera.

Larrinagak eta Malaxetxeberriak 50 kilo eskola material garraiatuko dituzte, aitonaren auto zaharrean. Rallyan izena emateko, 3.500 euro jarri dituzte, euren poltsikotik, eta, orain, «babes bila» dabiltza. Sare sozialetan bolo-bolo zabaldu den bideo bat egin die FMK Media ekoiztetxeak. Hor kontatu dute egitasmoa zertan den, eta, eurekin batera, 98 urteko «aitxitxa» da horren protagonista.

1997. urtetik urtero egiten dute 4L Trophy rallya. Miarritze-Dakar rallyan ibilitako Jean-Jacques Reyk sortu zuen egitasmoa.

4L bat ez da, noski, 4x4 bat, ezta rallyetarako auto bat ere. Renault 4 autoaren luxuzko bertsioa zen, nonbait, horregatik L hizkia. Baina 4L «lau lata» ezizena bihurtu zen herritarren artean. Izan ere, horixe zen autoa: motor sinple bat, metalezko xafla batzuen artean.

Baina sinpletasun horretan zetzan ibilgailuaren indargunea ere: merkea, gogorra eta erraz konpontzekoa zen. Horren lekuko 30 urtez baino gehiagoz ekoitzi zutela: Frantziako lantegietatik 1992. urtean atera zen azkena, eta Espainiakotik (Valladolid), 1994an.

Ondorioz, oraindik asko daude bazterretan. Larrinagatarren baserrian, esaterako.

Lan handia egin dute lehengusuek aitonaren autoa prestatzeko, eta oraindik ere horretan ari dira. Malgukiak aldatuko dizkiote, erradiadore berria jarri, baita enbragea ere.

Zoritxarrez, aitonak ez ditu abiatzen ikusiko, duela egun gutxi hil baitzen. «Halere, bere auto zaharberritua erakutsi ahal izan genion aurrekoan, hil aurretik».

6.000 kilometro gidatuko dituzte lehengusuek, txandaka, eta kanpadendan egingo dute lo. Baina, eutsiko al dio auto zaharrak bidaia latzari? «Auto gogorra da, eta halako bideetan ibiltzeko egina dago». Edonola ere, kezka ere badu Malaxetxeberriak: «Beldurra beti dago, baina sinetsi egin behar. Hala edo nola, iritsiko gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.