Unibertsitate sistema «publiko, propio eta burujabea» aldarrikatu du LABek

Sindikatuak salatu duenez, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak (LOSU) ez ditu hobetuko euskal unibertsitateetako funtzionamendu, kalitate eta lan baldintzak

Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusa. LUIS JAUREGIALTZO
iraia vieira gil
2022ko abenduaren 26a
14:36
Entzun

Abenduaren 22an onartu zuen Espainiako Kontseiluak Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa. LABek salatu duenez, «Espainiako zentralismoa eta lobby atzerakoien botereak» daude hartutako neurriaren atzean, neurriak unibertsitateen kontrolari eusteko aukera emango baitie. «Hego Euskal Herrikoak barne».

Ikusi gehiago:Unibertsitate eredu berri baten zutoinak jarriko ditu gaur Espainiako Kongresuak

Sindikatuaren ustez, eta «aldarrikapen historikoa» den aldetik, errektore izateko aukera irakasle doktore iraunkorrei, funtzionarioei eta laboralei zabaltzea izan da unibertsitateen gobernantzan neurririk nabarmenena. Hala eta guztiz ere, klaustroa eta errektorea aukeratzeko prozesuetan %51ko ordezkaritza izango dute aurrerantzean ere irakasle iraunkorrek.

Bestalde, sindikatuak nabarmendu duenez, lege berri horrek atzerapausoak eragingo ditu unibertsitateetako gobernantzaren demokratizazioan eta unibertsitate komunitatearen parte hartzean. Hain zuzen ere, Gobernu Kontseiluaren heren bat aukeratzeko ahalmena emango dio errektoreari, «organo horren kontrola askoz gehiago areagotzeko».

Lan baldintzei dagokienez ere, aldaketak egongo dira. Doktore laguntzaileek 18 kredituko irakaskuntza betekizuna izango dute, ez 24 kreditukoa; epaimahaiak izendatzeko aukera unibertsitatearen eta sailaren esku utziko dute; aldi baterako irakasle eta ikertzaileen kontratuen gehiengoa %40tik %8ra murriztuko dute; eta ordezkapenak egingo dituzten irakasleei ez zaie aitortuko ikerketa egiteko aukerarik. Azken neurri horrek «prekarizazioa areagotuko» duela salatu du LABek.

Legeak jasotzen duenez, gainera, BPGaren %1 unibertsitateei bideratuko zaie. Ordea, ez du zehazten funts horiek nola jasoko dituzten, ezta unibertsitate publikoei bideratuak izango diren ere. «Doakotasunerako ibilbidea aurreikusten badute ere, argi dago legeak ez duela unibertsitate publikoen aldeko hautua egiten», salatu du LABek.

EHUko zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak legearen zenbait kontu argitzeko eskaera egin badute ere, sindikatuak ondorioztatu du LOSUk ez dituela «behar besteko» hobekuntzak ekarriko unibertsitateetako funtzionamenduan, lan baldintzetan eta kalitatean. Hala, argi utzi nahi izan dute unibertsitateetako langileen eskubideen eta euskal unibertsitate sistema «publiko, propio eta burujabearen» alde egiten jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.