Unibertsitate Sistemaren Legea

Unibertsitate eredu berri baten zutoinak jarriko ditu gaur Espainiako Kongresuak

Madrilen bozketagai izanen dute Unibertsitate Sistemaren Lege Organiko berria. Irakasleen lan egonkortasuna» eta «bizi osoko heziketa» dira ardatz nagusiak

Ikasleak. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusa (Bizkaia), artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ion Orzaiz - Edurne Begiristain
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun

Unibertsitate eredu berri bat, malguagoa, urteetan ohiko bihurtutako endogamiatik eta lan prekaritatetik aldenduta. Parekidea eta gizartearen gaur egungo erronkei erantzunen diena. Hori guztia helburu gisa hartuta, Espainiako Gobernuak 2001. urteko unibertsitate legearen erreformari heldu zion iaz. Tramitazio luze eta katramilatu baten ostean, Espainiako Kongresuan bozkatuko dute gaur, eta, azken uneko ustekaberik ezean, onartu eginen dute. Aldeko botoa iragarri dute PSOEk, Unidas Podemosek, EAJk, ERCk, Mas Paisek eta PdCatek. Kontrakoa, berriz, PPk, Voxek, BNGk eta CUPek. EH Bilduk abstentziora joko du.

Ikusi gehiago:EAJk uste du legea «positiboa» dela; EH Bilduk, «aukera bat galdu» dela

Arau berriak eragina izanen du, besteak beste, unibertsitatearen barne antolakuntzan eta aginte organoen aukeraketan; finantzaketan; matrikularen prezioan; ikasketen eskaintzan eta irakasleen lan baldintzetan. Hauek dira legearen gako nagusietako batzuk:

IKASKETA BERRIAK
Eskaintza malguagoa, «bizi osoko formakuntza» helburu

Espainiako Unibertsitate ministro Joan Subiratsen arabera, lege berriaren helburu nagusietako bat da unibertsitatea «gizarte osoari» zabaltzea. Ikasle gazteen kopurua handia da oraindik unibertsitatean, baina kurba demografikoa apaltzearekin batera aldatuko da hori ere.

Gizartea zahartzen ari da pixkanaka, eta, unibertsitateak errealitate horretara egokitu beharko duela iritzita, formakuntza molde berriak eskainiko ditu Espainiako Gobernuak Losu legean: mikrograduak, mikrokredentzialak eta bestelako ikasketa motak abian jarriko dituzte. Formakuntza irekiari ere aipamena egiten zaio legearen zirriborroan.

Legearen berritasunetako bat izanen da, hain zuzen, «bizi osoan egin daitekeen formakuntza», eta, ideia hori ardatz gisa hartuta, aukera emanen dute batxilergoko edo unibertsitateko titulu bat ez duten pertsona helduek ere formakuntza espezializatua jaso dezaten, alor horretan esperientzia baldin badute.

LAN BALDINTZAK
Behin-behinekotasuna apaltzeko neurriak

Arau berriaren beste ardatzetako bat izanen da unibertsitateko irakasleen prekaritatea murriztea. Unibertsitate sistemaren behin-behinekotasuna zeharo apaldu nahi dute, %40tik %8ra. Zehazki, irakasle elkartuei eraginen die aldaketak. Izan ere, Wert legearen ondorioz, mota horretako kontratua egin zieten irakasle askori, nahiz eta, horretarako, ezinbesteko baldintza zen beste lan bat edukitzea. Egoera horretan diren irakasle postuak egonkortzeko xedez, 2024ra arteko epea izanen dute unibertsitateek meritu lehiaketak antolatzeko. Gainera, ezinbestekoa izanen da postuak lehiaketara ateratzea eta hautagaiak aurkeztea, ez baita onartuko plaza horiek zuzenean esleitzea pertsona bati.

Funtzionario ez diren irakasle agregatuen figura ere indartuko du legeak, EAEko eta Kataluniako eredua Espainiako Estatura hedatuz. Hala, funtzionario izan gabe ere, ibilbide profesional joria duten profesionalak lantaldean sartzeko aukera izanen dute unibertsitateek. Sustatzaileek uste dute nazioarteko zientzialariak eta ikerlariak erakartzeko bidea dela. Hala ere, unibertsitateko irakasle gehienek —%55ek, legearen arabera— funtzionario izan beharko dute aurrerantzean ere.

Azkenik, unibertsitateek kontratu finkoa egin beharko diete ikerlariei, doktoretza tesia egiten hasten direnetik hamar urtera, beranduenez. Neurri horren helburua da ikerlarien kontratu prekarioak ez betikotzea eta unibertsitateen lantaldeak gaztetzea.

AGINTE ORGANOAK
Botere handiagoa errektoreei eta klaustroei

Eztabaida handiena sortu duten puntuetako bat aginte organoak aukeratzeko bideari dagokiona da. Legea indarrean sartzen den unetik, katedradun izatea ez da ezinbesteko baldintza izanen unibertsitateko errektore izateko. Horrek atea zabalduko die gainerako irakasle titularrei eta funtzionario ez diren irakasleei ere, esperientzia luzea dutela frogatzen badute. Errektoreek, bestalde, botere handiagoa izanen dute: unibertsitateko gobernu kontseiluko kideen %30 aukeratzeko gaitasuna izanen dute aurrerantzean. EH Bilduk gogor kritikatu du neurri hori, zentroen demokratizazioari trabak jartzen dizkiolakoan.

Klaustroak ere, unibertsitateko komunitate osoa ordezkatzen duen organoak, botere handiagoa izanen du arau berriari esker, gai izanen baita zentroen gobernantza sistema hautatzeko.

IKASLEEN ESKUBIDEAK
«Greba» eskubidea eta pisu handiagoa erabakiguneetan

Arau berria onartzen bada, ikasleen ordezkariek pisu handiagoa izanen dute unibertsitateko erabakigune nagusietan: gutxienez %25 klaustroan, %10 gobernu kontseiluan eta %25 fakultate edo departamentuetako kontseiluetan. Bestalde, «lanuzte akademikoa» egiteko eskubidea aitortzen du legeak, lehen aldiz. Ez diote greba izena eman, ikasleak ez direlako beharginak.

MATRIKULAREN PREZIOA
Doakotasuneranzko bide luze eta zehaztugabea

Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren helburuetako bat da unibertsitate publikoen prezioak «blindatzea», doakotasunera iristeko lehen urrats gisa. Aurrerantzean, prezio horiek ez dituzte ezarriko Espainiako Unibertsitate Ministerioak eta Politika Unibertsitarioko Espainiako Batzorde Orokorrak, autonomia erkidegoek baizik. Hala ere, legeak ez du neurri zehatzik aipatzen prezioak murrizteko, jarraibide lauso bat soilik: «Prezio publikoak mantentzeko edo progresiboki murrizteko esparru orokor bat ezarriko da, eta horren arabera zehaztuko dira matrikulen kostuak». Doakotasuna helburutzat jarria badago ere, erkidego bakoitzeko arduradun eta eragileei dagokie zehaztea hori nola gauzatuko den.

FINANTZAKETA
BPGaren %1 inbertitzeko beharra ezarriko dute

Goi mailako hezkuntzan eta ikerketan gehiago inbertitzeko aldarria ez da berria. Unibertsitate publikoak aspalditik ari dira inbertsio handiagoa eskatzen, ikasketen kalitatea handitzeko, nazioartean prestigioa duten ikerlariak kontratatzeko eta munduko goi mailako beste zentro pribatuekin lehiatu ahal izateko. Orain, Espainiako Gobernuak erabaki du aldarri horri erantzutea, finantzaketa publikoa handituta: erkidego bakoitzeko BPG Barne Produktu Gordinaren %1 erabiliko da unibertsitate publikoak finantzatzeko —gaur egun, inbertsioa %0,7aren bueltan dago Espainian eta Hego Euskal Herrian—. Madrilek diru funts gehigarriak emanen ditu horretarako, eta erkidegoek konpromisoa hartu beharko dute aparteko diru hori unibertsitate publikoetara bideratzeko. 2030. urtera arteko egutegi bat ere ezarriko dute, egokitzeko.

PAREKIDETASUNA
Aldaketa kontratazioetan eta ikasle egoitzetan

Gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasunean azpimarra egin dute lege berriaren sustatzaileek. Agerikoa da ahalegin hori legearen hitzaurrean, bereziki Espainiako Unibertsitate Ministerioak argi utzi baitu helburutzat duela unibertsitate «berdinzale eta parekide bat» lortzea. Printzipio orokor horiek isla izanen dute unibertsitateen kontratazio politikan, besteak beste. Hala, postu batera bi hautagai aurkeztu badira eta lehiaketan puntuazio bera baldin badute —aurretik epaimahaiak biak egokitzat jo baditu, bederen—, «zentroan gutxien ordezkatua dagoen sexuko hautagaia» kontratatuko dute.

Bestalde, Mas Pais eta BNG taldeek hala eskatuta, xedapen gehigarri bat erantsi diote lege proposamenari, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikasle egoitzei finantzaketa etete aldera. Hala, unibertsitate publikoek ez dituzte hitzarmenak berrituko gizonezkoak eta emakumezkoak segregatzen dituzten ikasle egoitzekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.