Euskara hezkuntzan

«Hezkuntza euskaldun baten alde» mobilizatzera deitu dute martxoaren 23rako

Gazte Euskaltzaleen Sareak eta unibertsitateetako euskara taldeek mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, martxoaren 23an. Hezkuntza prozesua %100ean euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko neurriak eskatuko dituzte.

Mobilizazioen berri emateko egindako agerraldia, atzo, EHUren Ibaetako campusean, atzo. GAZTE EUSKALTZALEEN SAREA
Julen Aperribai.
2022ko abenduaren 27a
10:22
Entzun

«Hezkuntza eredu honek ez du gure belaunaldia euskalduntzeko gaitasunik». Egoeraz kezkatuta, Gazte Euskaltzaleen Sareak eta Hego Euskal Herriko unibertsitateetako euskara taldeek dei egin diete «hezkuntza euskaldun baten eskubidearekin bat egiten duten eragile eta hezkuntza komunitateko norbanako guztiei», martxoaren 23an. Agerraldia egin zuten atzo EHUren Ibaetako campusean, eta iragarri mobilizazioak egingo dituztela egun horretan Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean.

Ikasketak egiterakoan, Euskal Herriko ikasleek «trabaz beteriko bide bati» aurre egin behar izaten diote, Javier Arriaga Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak azaldu zuenez, eta esan zuen bide hori are gogorragoa dela ikasketak euskaraz eginez gero. «Hezkuntza prozesua %100ean euskaraz egiteko ezintasuna argia da. Irakasle euskaldunen falta, euskarazko zerbitzurik eza, euskaratu gabeko material didaktikoa eta beste dira urtez urte pairatzen ditugun eskubide urraketak». Ondorioz, euskaldunak «bigarren mailako herritar» moduan hartzen dituztela salatu zuen.

Horri aurre egiteko mobilizatu beharra dagoela nabarmendu zuen Ekhiñe Zapiain Ibaeta campuseko IEP euskara taldeko kideak. «Hezkuntza euskalduna bermatu dadin», ikasketa prozesu guztia euskaraz egiteko modua aldarrikatu zuen, eta, besteak beste, honako neurri hauek hartzeko eskatu: «Hezkuntza prozesua %100ean bermatuko duten irakasle euskaldunen kontratazioa, erabiltzen diren eduki guztiak euskaratuta egotea, hezkuntza eremu euskaldundu bat...». Halaber, zerbitzuak euskaratzetik harago, «Euskal Herrira egokitutako» hezkuntza eredu bat behar dela nabarmendu zuen: «Euskal errealitateari egokitutako hezkuntza prozesu bat behar dugu ikasleok».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.