Solstizioa

Eguzkiaren ibilbideari urtebetez jarraikiz

Gorka Zabaleta kazetari eta argazkilariak egunero egin die argazkia egunsentiari eta ilunabarrari leku beretik, Eguzkiak zer bide egiten duen erakusteko.

2022ko abenduaren 27a
12:49
Entzun

Neguko solstizioa abenduaren 21ean heldu zen, hau da, Lurreko Ipar hemisferioan Eguzkia ortzi mugako punturik baxuenean ikusten den eguna. Egunotako ospakizunen funtsean dago gertaera astronomiko hori, gero kristautasuna hori moldatzen eta bereganatzen saiatu bazen ere. Eguzkiak jaisteari utzi eta egunak berriz luzatzen hasiko direla ospatu izan dute gizakiek planeta osoan, horrek berriz piztuko baitu natura, hurrengo udaberrian.

Eguzkiaren ziklo hori euskal kostaldean nola gertatzen den argi erakusten duen bideo bat egin du Gorka Zabaleta kazetari eta argazkilariak. Lanak hartu ditu horretarako.

Baleike herri aldizkarian kontatu duen bezala, iazko azaroan heldu zitzaion Eguzkiari jarraitzeko erronka. Ana Galarraga zientzia dibulgatzaileak halako ariketa baten emaitza zabaldu zuen Twitterren, eta Xabier Azkue Ibarbia txiolariak erantzun zuen Zumaiako (Gipuzkoa) Itzurun hondartza leku aproposa izan zitekeela antzeko zerbait egiteko. Azkenean, Joni Ubedak zuzenean egin zion erronka Zabaletari.

«Eta neuk amua jan; bi aldiz pentsatu gabe, lanari ekin nion. Hilero, egunsentian eta ilunabarrean eguzkia agertzen eta ezkutatzen den unea jasotzea izan da nire erronka, kamera beti leku berean kokatuta».

Lan nekeza dela gaineratu du, baina «gozamena» izan dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.