Gazteen emantzipazioa

Gazteek soldataren erdia baino gehiago erabili behar dute etxea erosi edo alokatzeko

Eusko Jaurlaritzak Gazteen Euskal Behatokiaren txostena aurkeztu du: 'Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2021'. Besteak beste, txostenean azpimarratu dute emakumeek gizonek baino zailtasun handiagoak dituztela beren kabuz emantzipatzeko.

Berri Otxoak eta Argitan taldeek urtarrilean egindako protesta, Barakaldon (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko abenduaren 27a
13:54
Entzun

«Gazteek zailtasun handiak dituzte etxebizitzen merkatu librean emantzipatzeko». Hori adierazi du Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030erako Agendaren idazkari nagusiak, Gazteen Euskal Behatokiak egindako Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2021 txostenaren aurkezpenean. «18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko gazte batentzat bakarrik emantzipatzea zer den baloratzea da helburua», azaldu du. Txostenaren arabera, 2021ean, soldatapeko gazte batek bere soldata garbiaren %52,9 erabili behar zuen etxebizitza libre bat erosteko, eta soldataren %51,1 alokatzeko. «Finantza erakundeek eskatzailearen kaudimena zehazteko ezarritako muga soldata garbiaren %30 da, eta ehuneko horretatik oso urrun gaude».

Aurreko urtearekin alderatuta, ehunekoa txikiagoa da. 2020an, etxebizitza libre bat erosteko, gazte batek soldata garbiaren %58,7 erabili behar zuen, eta %54,7 alokatzeko. «Etxebizitza eskuratzeko kostuak behera egin du, soldaten igoera etxebizitza libreen prezioena baino zertxobait handiagoa izan delako», zehaztu du Fernandezek.

Etxebizitza babestu batek «aukera hobeak» eskaintzen ditu, Fernandezen arabera. Izan ere, kostu «onargarriagoak» ditu: «2021ean, soldataren %28,8 bideratu behar zuten hipotekara, eta %28,1 alokairura». Hala ere, arazo bat dago: «Etxebizitza babestuan, eskaintza eskaria baino txikiagoa da». Aurreko urtearekin alderatuta, etxebizitza babestu bat erosteko bideratu beharreko soldataren ehunekoa ez da asko aldatu; %28,9 zen 2020an. Alokairuari dagokionez, ehunekoa puntu bat handitu da, %27,2tik %28,1era.

Nahiz eta ehunekoak aldatu, 2020an kostu handienak zituzten gazteak dira 2021an kostu handienekin jarraitzen dutenak. Lurralde historikoei erreparatuz, merkatu librean sartuz gero, Gipuzkoako gazteek ordaindu behar dituzte kostu handienak, lurralde horretan garestiagoak baitira etxebizitza libreak. Emakumeek gizonek baino zailtasun handiagoak dituzte euren kabuz emantzipatzeko, emakume eta gizon gazteen arteko soldata desberdintasuna dela eta. Horrez gain, nagusiagoak diren gazteek kostu txikiagoa izaten dute etxebizitza eskuratzeko. Izan ere, adinak gora egin ahala, soldatek ere gora egiten dute. Hala ere, merkatu libreak etxebizitza ordaintzeko gehiegizko zorpetze egoeran jartzen ditu 30 eta 34 urte bitartekoak.

Gazteen emantzipazioa laguntzeko estrategia

Zailtasun horiei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 euskal estrategia aurkeztu zuen abenduaren 7an. 2030ean gazteen emantzipazio adina 28 urtera jaistea du helburu. «Gaur egun, emantzipatzeko batez besteko adina 30,2 da; Europan baino lau urte beranduago», adierazi du Fernandezek. Horrez gain, 25 eta 29 urtekoetan artean emantzipazio tasa handitu nahi dute, egungo %39,5etik %50era. Gazteen enpleguan, etxebizitzan eta errentan esku hartzen duten neurrien bidez lortu nahi dute helburua. 2023ko otsailaren 7ra arte, ekarpenak jasoko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.