Inflazioa

Madrilek oinarrizko elikagai guztien BEZa kenduko du urte erdiz

27.000 eurotik beherako diru sarrerak dituzten familiek 200 euroko txeke bat jasoko dute. Alokairu kontratu berriak izoztuko dira. Garraio publikoaren laguntzei eutsiko die.

Emakume bat supermerkatu batean erosketa egiten. DAVID BORRAT (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko abenduaren 27a
14:19
Entzun

Inflazioaren ondorioak arintzeko laguntza sorta bat onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak astearte honetan. Aurten hartutako hainbat neurri luzatuko ditu dekretu berriak, eta beste batzuk gehituko ditu. Urtarrilaren 1etik aurrera egongo da indarrean.

Onartutako neurriek aldaketa batzuk dakartzate. Kendu egingo da erregai litroko 20 zentimoko hobaria, baina profesional edo sektore ekonomiko batzuentzat mantenduko da. Bestalde, bi neurri berri egongo dira: alokairuei loturikoa bata, eta erosketa saskiari loturikoa bestea.

Alokairuen prezioa izoztuko da kontratuak berritzean, eta indarrean daudenen eguneraketetan ezingo da %2 baino gehiago garestitu. Erosketa saskiaren kasuan, produktu batzuen BEZa murriztuko da. Oinarri-oinarrizko elikagaiek %4tik %0ra bitarteko jaitsiera izango dute datozen sei hilabeteetan, eta %10etik %5erakoa olioak eta pastak. Horrekin batera, 200 euroko txeke bat emango zaie 27.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familiei, haien ondarea 75.000 eurotik gorakoa ez bada.

Alokairua

Gobernuko bi kideen arteko negoziazioak tentsio handikoak izan dira azken egunetan, eta etxebizitzaren gaia, beste behin ere, punturik beroenetako bat izan da. PSOEk azkenean onartu egin du alokairuen prezioa izozteko Unidas Podemosek egindako eskaera.

Azaroaren amaieran, aurrekontuen negoziazioetan, Espainiako Gobernuak EH Bilduren eskaera bat onartu zuen indarrean dauden alokairuen eguneraketetan %2ko mugari eusteko beste urtebetez, 2023 osoan zehar. Kontratua indarrean dutenei eta errenta urtero eguneratzen dutenei aplikatzen zaie muga hori –ohikoena da KPIaren arabera eguneratzea, eta %6,8 da gaur egun–.

Arazoa hau zen: zer gertatzen den kontratu bat amaitzen denean eta bi aldeek berritu nahi dutenean. Halakoetan, jabeak askatasuna du maizterrari beste prezio bat eskatzeko, eta, Unidas Podemosek ohartarazi zuenez, azken hilabeteetan %20 inguru ari dira garestitzen alokairuak. Dekretuan jasotako neurri berriarekin, kontratua urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean amaitzen zaien maizterrek beste sei hilabetez luzatu ahal izango dute, baldintza berberetan.

Ez da Espainiako Gobernuak alokairuak izozteko erabakia hartzen duen lehen aldia. Halaxe egin zuen COVID-19 pandemiaren garairik gogorrenetan; orduan, ezohiko luzapena sei hilabetekoa izan zen, eta justifikatu egin zen, mugimenduen neurri murriztaileek maizter askori eragozten zietelako beste etxe baten bila hastea.

Horrez gain, etxegabetzeak egiteko debekua ere beste sei hilabetez luzatuko da.

Elikagaiak

Akordioa errazagoa izan da erosketa saskiaren prezioa arintzeko neurrietan. Oinarri-oinarrizko produktuen BEZa kentzea izan da erabaki nagusia. Gaur egun, %4ko zerga dute arrautzek, barazkiek, frutek, lekaleek, ogiak, gaztak eta esnekiek, besteak beste. Datozen sei hilabeteetan, %0koa izango dute. Olioari eta pastari dagokienez, %10etik %5era jaitsiko da. %10ean mantenduko dira, berriz, arraina, jogurtak, botilako ura, kafea eta kontserbak, adibidez.

Horrekin batera, 200 euroko txeke bat emango die Madrilek 27.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familiei, haien ondarea 75.000 eurotik gorakoa ez bada. Gobernuaren kalkuluaren arabera, 4,1 milioi etxetara iritsiko da diru laguntza hori. Unidas Podemosen hasierako proposamena zen 300 euro ematea eta 10 milioi etxetara iristea.

Elikagaien industriarako ere laguntzak iragarri ditu, ongarrien prezioen igoerari aurre egiteko. Pedro Sanchez gobernuburuak ez du zehaztu laguntza horren zenbatekoa, baina ohartarazi du ekoizleak «behartuta» egongo direla laguntza horiek prezioetan islatzera.

Erregaiak

Erosketa saskian laguntzeko neurrien bidez erregaien hobarien amaiera konpentsatu nahi izan du gobernuak. Nolanahi ere, garraiolari profesionalek eta lehen sektoreko langileek laguntza hori jasoko dute aurrerantzean ere.

Joan den apirilaren 1etik, gasolina zerbitzugune batera joan den edozein bezerok 20 zentimoko deskontua jaso du gasolina edo diesel litro bakoitzeko. Ukrainako gerraren ondorioz erregaien prezioek gora egin ondoren onartu zen laguntza. Neurriak kritika ugari jaso ditu bezero guztiek jasotzen dutelako, errentagatik bereizi gabe. Gainera, gasolinaren prezioak behera egin du azkenaldian, eta, gaur egun, hobaria aplikatzen hasi zireneko antzeko prezioetan dago.

Energien prezioarekin loturik, beste sektore batzuek ere jasoko dituzte laguntzak; hala nola gas industria intentsiboek eta, bereziki, zeramika fabrikatzaileek. Madrilek 450 milioi euro banatuko ditu laguntza zuzenetan, eta beste 500 milioi ICO kredituetan.

Garraio publikoa

Duela aste batzuk iragarri bezala, beste urtebetez doakoak izango dira aldiriko eta distantzia ertaineko trenen txartelak. Argitzeke zegoen zer gertatuko zen hiri garraioen laguntzekin, hala nola autobusenekin edo metroarenekin, eta gobernuak %50eko beherapenei eustea erabaki du. Kasu horretan, laguntzaren %30 hark ordainduko du, eta beste % 20a, tokiko erakundeek, orain arte bezala. Baina lehen ez zegoen baldintza bat jarri du: dagokion ehunekoa ematen ez duenak ez du estatuaren laguntza jasoko. Hego Euskal Herriko erakunde gehienek dagoeneko iragarri dute hori egingo dutela.

Etxeko energia

Elektrizitate fakturaren beherapena ere luzatu egingo da beste sei hilabetez, honako neurri hauei eutsita: argindarraren ordainagiriaren BEZak %5ean jarraituko du, 10 kilowatt arteko potentzia kontratatua duten kontsumitzaile, enpresa edo partikularrentzat —2021ean, %21ean zegoen, eta bitan jaitsi du—; elektrizitatearen gaineko zerga bereziaren tasa %0,5ean egongo da aurrerantzean ere; eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren etetea luzatuko da.

Gasari dagokionez ere, beste sei hilabetez luzatu dira bonu soziala jasotzeko baldintzetan eta kopuruetan egin ziren aldaketak. Eta azken baliabideko tarifako (TUR, gaztelerazko laburduran) laguntzak luzatuko dira.

Horrekin batera, gobernuak beste sei hilabetez luzatu egin du energia elektrikoaren, gasaren eta uraren hornidura eteteko debekua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.