BETIS 0-0 ATHLETIC

Merezitako puntua lortu du Athleticek

Talde zuri-gorriak hutsean berdindu du Benito Villamarinen, etenaren osteko lehen partidan. 

De Marcos, Fekirrekin lehian, gaur. JULIO MUñOZ / EFE
jon eskudero
2022ko abenduaren 29a
21:48
Entzun

Hilabete eta erdiko etenaren ostean, gaur itzuli da lehiara Athletic, eta ez edonola. Intentsitatez eta erritmoz jositako partida jokatu du Betisen zelaian, eta ongi merezitako puntua poltsikoratu du. Sailkapenaren goiko postuetan egonik, onenen artean mantentzeko derrigorrezkoa zuen gutxienez punturen bat lortzea, eta ez du hutsik egin. Betisen plaza hain gaiztoa izanik, hasi eta buka oso ongi lehiatu da, eta amaieran irabazteko aukera bat edo beste ere izan du. Gol aukerak sortzea dezente kostatu zaio, baina ez du minutu bakar batean ere kontzentrazioa galdu. Hau da, aurreko sasoietan galdu ohi zituen partida horietako batean, gutxienez puntu bat lortu du.

Hasierako hamaikakoan bizpahiru ezusteko zelairatu ditu Ernesto Valverdek, Iñigo Martinez, Muniain eta Berenguer aulkian geratu baitira. Williams anaiak hegaletan eta Guruzeta aurrelari gisa ipinita, abiadura bilatu nahi izan du entrenatzaileak. Oreka, dena den, zelai erdiak eman die zuri-gorriei. Dani Garciaren lana aipagarria izan da, Betisen erasoko jokoa bertan behera utzi baitu. Oso lehiatua izan da lehen zatia, baina etxekoek behetik gora egin dute pixkanaka, eta, kalitatea lagun, agindu egin dute gehienean. Fekirren oinetatik irten dira aukera arriskutsuenak, baina Unai Simon dotore aritu da atepean.

Bigarren zatiak ere lehengo lepotik izan du burua. Berdintasun horretan, erosoago zegoen Betis, eta Valverdek aldaketak egin ditu: Muniain, Raul Garcia eta Berenguer zelairatu ditu 70. minutuan. Aldaketek arnasa eman diote taldeari, eta, Muniainen gidaritzapean, Betisen areara gehiago iristen hasi dira zuri-gorriak. Yurik eta Nico Williamsek erasoko jokaldi apartak osatu dituzte, baina inork ez du asmatu azken errematean. Betisek jokalari bat gutxiago izan du azken minutuetan, baina Athleticek ez du abantaila baliatu. Dena den, puntuari esker, aurkari zuzen batek sailkapenean gain ez hartzea lortu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.