Euskal presoak

Euskal presoak etxeratzearen alde, manifestazio bana egin dute Martutenen eta Basaurin

Sakabanaketa eta urrunketak amaitzetik gertu egon arren, gradu aldaketetan izaten ari den «atzerapausoa» salatu du Sare-k. Gradu horretan egon beharko luketen 110 presoetatik soilik 33k dute.

Sare-ren mobilizazioa, Martuteneko espetxe parean. ANDONI CANELLADA, FOKU
jon ordonez garmendia
2022ko abenduaren 31
13:02
Entzun

Sare-k deituta manifestazio bana egin dute gaur goizean ehunka lagunek Martuteneko eta Basauriko espetxeetatik abiatuta. Etxera bidea gertu lelopean elkartu dira. Inaxio Oiarzabal Sareko eledunak esan du sakabanaketarekin datozen hilabeteetan amaituko dutelako ustea dutela, baina gradu aldaketekin izaten ari diren «atzerapausoak» salatu ditu. Izan ere, une honetan hirugarren graduan egon beharko luketen 110 euskal presoetatik soilik 33 daudela azaldu du.

Oiarzabalek Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren jarrera kritikatu du bereziki. Esan du Eusko Jaurlaritzaren gradu aldaketaren aurkako helegitea jartzen duten unetik nahi dutela preso ohia berriro espetxeratu, eta «mendekuan» eta «gorrotoan» oinarritzen den jarrera bat dela azpimarratu du.

Atzo, 3.000 pertsonatik gora bildu ziren Euskal Herriko hainbat auzo eta herritan, Etxeratek jakinarazi duenez. Hor ere deitzaileek azaldu zuten euskal presoen urrunketari eta sakabanaketari amaiera emateko atarian daudela. «Aurrera egin dugu, eta aurrerapena ikusita horrek bultzatzen gaitu etxera itzultzeko prozesua amaieraraino eramatera», adierazi du Etxeratek.

Gaur emandako datuen arabera, une honetan hamalu preso daude Espainiako espetxeetan, eta hamahiru, Frantziakoetan. Iaz, urte bukaeran, Euskal Herritik kanpo diren espetxeetan 90 euskal preso zeuden. Etxeratek azaldu du preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen alde mobilizatzen jarraituko duela, eta helburu horrekin gaur zortzi, Bilbon, 17:00etan, Autonomia kalea betetzera deitu du.

Gaur Nafarroakoa zenbait herritan ziren euskal presoen eskubideen alde bilkurak egitekoak, besteak beste, Agoitzen, 19:00etan, udaletxe aurrean; Antsoainen, 18:30ean, Lapurbide plazan; Elizondon, 20:00etan, plazan; Garesen, 19:00etan, plazan. Urtarrilaren 4an, berriz, Lodosan egingo dute kontzentrazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.