Trafikoa

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 44 pertsona hil dira urtebetean trafiko istripuz

2021ean baino bi pertsona gehiago hil dira trafiko istripuen ondorioz. Larri zauritutakoak urritu egin dira 2021etik: 455 izan ziren urte hartan, eta 360 izan dira 2022an.

Trafiko istripu bat, Elgoibarren, abuztuan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urtarrilaren 2a
12:24
Entzun

Eusko Jaurlaritzak 2022ko trafikoaren balantzea egin du. Honatx laburpena: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 44 pertsona hil dira trafiko istripuetan; murriztu egin dira ezbeharrak, eta horietan larri zauritutako biktima kopurua eta ibilgailuen joan-etorriak pandemia aurreko mailan daude berriz. 2022a amaitu berritan, gaur egin dute datuen berri emateko prentsaurrekoa, Bilbon.

Sonia Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak xehatu ditu iaz zirkulazioan izandako gorabeherak. Azaldu duenez, 44 pertsona hil dira istripuen ondorioz, 2021ean baino bi gehiago. Hildakoetatik 34 gizonak ziren, eta hamar emakumeak. Horietako ia %70 kolektibo zaurgarrietakoak izan dira: hamabost oinezko, hamalau motozale eta txirrindulari bat hil dira. 2021etik behera egin du hildako motor gidarien zenbatekoak —hamazazpitik hamalaura pasatu da—; oinezkoena, aldiz, nabarmen igo da, 2021ean oinezko bakarra hil baitzen.

Lurraldez lurraldeko azterketa eginda, hemezortzi pertsona hil dira Bizkaian —2021ean baino bi gehiago—, hamazortzi Gipuzkoan —bi gehiago—, eta zortzi Araban —bi gutxiago—.

Istripu gutxiago

Hildakoak gehiago izan badira ere, alderantzizko joera izan du trafiko istripuen eta larri zauritu direnen kopuruak. Hain zuzen ere, Diaz de Corcueraren hitzetan, 7.354 istripu izan dira, 2021ean baino %1,8 gutxiago. Larri zaurituak ere gutxiago izan dira: 455 duela bi urte, eta 360 amaitu berri den urtean.

Gainera, pandemiaren murrizketek trafikoan izandako eragina ere apaldu egin da. Hala, joan-etorriak pandemia aurretik adina dira berriz ere, eta, zenbaitetan, pandemia aurretik baino trafiko handiagoa izan da. Hiriburuetako sarreretan, berriz, beherakada «txiki bat» nabaritu dute. Diaz de Corcuerak iritzi dio garraio publikoaren erabilera areagotu delako gertatu dela hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.