Armenia-Azerbaijan

Karabakh Garaia gosete arriskuan dago, Laçingo korridorearen blokeoagatik

Armeniak laguntza eskatu dio nazioarteari, argudiatuta Errusiaren «bake indarrek» ez dutela egoera konpontzen. Azerbaijanek erantzun du Erevan krisi humanitario bat «antolatzen» ari dela.

Karabakh Garaiko hiriburu Stepanakert, artxiboko irudi batean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
ander perez zala
2023ko urtarrilaren 4a
13:21
Entzun

Karabakh Garaiak arazoak ditu elikagai, sendagai eta erregai nahikoa segurtatzeko. Eta egoera horren arrazoia zera da: Armenia eta eskualde hori lotzen dituen Laçingo korridorea blokeatuta dagoela, hiru aste baino gehiago baita Azerbaijango manifestariek trafikoa eten dutela. Karabakh Garaiko biztanle gehienak armeniarrak izanik, lotura eta menpekotasun handia dute Armeniarekiko, eta, hortaz, horrek eragin du zailtasun handiak izatea produktuen eskasiari aurre egiteko. Egoeraren larritasunaz ere ohartarazi dute, gosete arriskuan daudelakoan.

Erevanek atzo bertan errepikatu zuen egunotan egindako ohartarazpena. Atzerri Ministerioak, ohar baten bidez, esan zuen «begi bistakoa» dela «krisi humanitarioa okertzen» ari dela Karabakh Garaian, eta «garbiketa etniko bat» egitea leporatu zion Azerbaijani. «Malnutrizio arriskua dago. Milaka familia bananduta daude, eta 120.000 lagun de facto presoak dira [146.000 lagun bizi dira eremu horretan]».

Azerbaijanek, ordea, ukatu egin du korridorea blokeatuta egotea, eta krisi humanitario bat «antolatzea» egotzi izan dio Armeniari. Bakuk frogatzat aurkeztu du Gurutze Gorria hainbatetan sartu eta atera izana Karabakh Garaitik, baina atzo Erevanek erantzun zuen «oinarririk gabekoa» dela argudio hori. Sare sozialetan partekaturiko argazkiek eta bideoek, baita nazioarteko hedabideetan jasotako lekukotzek, behintzat, Armeniaren bertsioa indartzen dute, Laçingo korridorea blokeatuta dagoela erakusten baitute.

Manifestazioak eta korridorearen blokeoa iragan abenduaren 12an hasi zituzten. Ekintzaile ekologista batzuek argudiatu zuten urrea «legez kanpo» ari zirela ateratzen Karabakh Garaitik, inork ez zuela aztertu meategien ustiaketak ingurumenean duen eragina, eta, beraz, ezinbestekoa zela protesta egitea. Armeniak salatu du protestari horiek ez direla ekintzaile ekologistak, eta azken asteetan mezu nazionalistak oihukatzen ari direla, ekologistak baino gehiago.

Testuinguru horretan, nazioartean ere handitzen ari da kezka Karabakh Garaiko egoera dela eta. NBE Nazio Batuen Erakundeak, EB Europako Batasunak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek, esaterako, asteotan hainbatetan eskatu dute Laçingo korridorea desblokeatzeko, eta, batzuetan inplizituki bada ere, agerian utzi dute Azerbaijani egozten diotela egoera halakoa izatea. Ned Price AEBetako Estatu Departamentuaren bozeramailea esplizituagoa izan zen abenduaren 13an: «Azerbaijango Gobernuari dei egiten diogu korridorean mugimendu askatasuna berriz ezartzeko. Aurrera egiteko modua negoziazioen bidezkoa da».

Karabakh Garaia nazioarteak onarturiko Azerbaijanen mugen barruan dago, baina biztanle gehienak armeniarrak dira, eta de facto independentea da SESB Sobietar Batasuna desegin zenetik. 2020 amaieran, 44 eguneko gerra bat izan zuten, eta Azerbaijango armadak, Turkiaren babesarekin, 1990eko hamarkadan galdutako lurraldearen hiru laurden berreskuratu zituen. Karabakh Garaiko armeniarrek, hortaz, Stepanakert hiriburua eta inguruko herri batzuen kontrola besterik ez dute egun.

'Statu quo'-a mantentzeko zailtasunak

Moskuk sustaturiko su eten bati esker amaitu zen duela bi urteko gerra hori. Akordio horrek jasotzen du Errusiaren «bake indarrek» kontrolatzen dutela, besteak beste, Laçingo korridorea, baina badirudi ezen, Ukrainaren inbasioaren ondorioz, Moskuk arreta galdu duela Kaukasoko eremu horretan, eta ez dela gai statu quo-a mantentzeko.

Hain justu, abenduaren 30ean Errusiako Atzerri Ministerioaren bozeramaile Maria Zakharovak salatu zuen soldadu errusiarren kontrako erasoak izan zirela Karabakh Garaian, eta Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroaren kontra ere aritu zen, gobernuburuak egun bat lehenago Mosku kritikatu baitzuen Laçingo korridoreko egoera ez konpontzeagatik. «Errusiak utzi behar dio NBEren misio bati Karabakh Garaian hedatzen, bera ez baita gai korridoreko bidea garbitzeko», esan zuen Paxinianek.

Gerora, Urteberri egunean, komunikatu baten bidez, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi zuen Errusiako armadak ere parte hartuko duela OKDB Segurtasun Kolektiboko Itunaren Erakundea aurten Armenian egitekoa den ariketa militarretan; SESB ohiko sei errepublika dira aliantza militar horretako kide: Errusia, Tajikistan, Bielorrusia, Armenia, Kazakhstan eta Kirgizistan.

Ikusteko dago ariketa horiek zer eragin izango duten, OKDB barneko desadostasunak handiak baitira. Egoera horren erakusgarri izan zen azaroan egin zuten goi bilera, Paxinianek ez baitzuen sinatu topaketaren amaierako adierazpen bateratua; argudiatu zuenez, ez delako nahikoa babes jasotzen ari Karabakh Garaiko aferan. Oraingoz, badirudi aukera gutxi daudela Armeniaren eta Azerbaijanen arteko bake akordioa lortzeko. Iaz izan ziren horretarako saiakerak, baina agerian geratu zen aurrerapauso askoz ere gehiago beharko direla ados jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.