Mahai ingurua

Espetxe politikak «salbuespenaren sinonimo» izateari uzteko eskatu dute

Sarek eta Bake Bideak ekitaldia egin dute Bilboko Euskalduna jauregian, arratsaldeko manifestazioaren atarian. Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako alderdi, sindikatu eta eragile ugarik babesa eman diote presoak etxeratzeko aldarriari.

Joseba Azkarraga eta Anaiz Funosas, gaur,  Euskalduna Jauregiko ekitaldian. BERRIA
Edurne Begiristain.
2023ko urtarrilaren 7a
11:14
Entzun

Etxera bidea gertu leloa hartuta, milaka lagunek presoak etxeratzeko eskatuko dute gaur Bilboko kaleetan, Sarek deitutako manifestazioan. Goizean, mobilizazioaren atarian, Elkarbizitzarantz aurrera eginez izenburupean indarkeriaren biktima batzuekin mahai ingurua antolatu dute Sarek eta Bake Bideak Euskalduna Jauregian. Bertan izan dira eragile politiko eta sozial ugari ere. Besteak beste, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, Ahal Dugu Nafarroa, EH Bai eta EELV alderdiko ordezkariak eta ELA, LAB, CCOO, Steilas, ESK, Etxalde, HIRU, CGT, CNT eta ENHE sindikatukoak. Kataluniatik eta Galiziatik ere ordezkaritza zabala egon da: ERC, Junts, CUP eta BNG alderdi eta elkarteetako kideak izan dira, besteren artean.

Ekitaldian, Sareren eta Bake Bidearen izenean Joseba Azkarragak eta Anaiz Funosasek gogoratu dute urtarrilaren 3an Sarek «garai berrirako» irudi berria aurkeztu zuela, urruntze eta sakabanaketa politika amaitzen ari diren seinale. Ireki berri den aroak bestelako ezaugarriak izan behar dituela azaldu dute: hain justu, espetxe politika arrunta ezartzearena, euskal presoak etxera itzultzeko prozesua ahalbidetzeko. Kale mobilizazioekin eta instantzia politiko eta instituzionalei eraginez lortuko da helburu hori, adierazi dutenez. Hala, gatazkaren biktimei mezua zuzendu diete: «Sarek eta Bake Bideak lanean jarraituko dugu gutxieneko akordio bat lortzeko, indarkeria guztien biktimak errespetatuak izan daitezen, eragindako kaltea eta erreparazioa aitor dakizuen».

Azken urteotan aurrerapausoak eman badira ere, hainbat «blokeo» oraindik indarrean direla ohartarazi dute. Salbuespen politika jarri dute horren adibide: «Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren blokeo jarrera eta EAEko espetxe administrazioaren erabakien aurka etengabe aurkezten dituen errekurtsoek izan behar dute gure lanaren ardatza hemendik aurrera». Hori hala, eskatu dute espetxe politika «salbuespenaren sinonimo» izateari uzteko eta euskal presoei espetxe politika arrunta ezartzen hasteko. «Espero dugu euskal espetxe administrazioak normaltasun irizpideak ardatz izaten jarraitzea, alde batera utzita orain dela hiru hamarkada baino gehiago erabat ezberdina zen egoera politiko eta sozial batean ezarritako salbuespen legeria».

Horrekin batera, nabarmendu dute «akatsa» dela eskubide urraketei buruzko kontakizun bakarra adosten tematzea. «Herri hau pentsamolde guztiek osatu eta eraikitzen dute». Sare eta Bake Bidearen ustez, aurrerapausoa litzateke konpromisoa erdiestea giza eskubideen inguruan, eta zehazki, bizitzeko eskubidearen inguruan. «Bizitzeko eskubidea aitortzearekin batera, torturaren oroimena eta beste eskubide batzuen urraketa aitortu behar dira».

Eragileen deia
Mahai ingurua hasi aurretik adierazpenak egin dituzte bertaratutako hainbat alderdi eta sindikatuetako ordezkariek. EAJk ez du arratsaldeko manifestazioan parte hartuko, baina Irune Berasaluze EAJko ordezkariak Espainiako Gobernuari eskatu dio behingoz indargabetzeko euskal presoei ezarritako «salbuespen legedia». Positibotzat jo du azken hilabeteotan izan diren presoen hurbilketak, «bergizarteratzean lagungarri izango delako eta iraganaren irakurketa kritikoa sustatzeko baliagarria izango delako».

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du badirela «lobby-ak» presoen eskubideak «suntsitzeko», eta horri aurre egiteko «energiak batzera» deitu du gizartea. Ildo horretan, Sarek arratsaldean antolatutako manifestaziora joateko deia egin die herritarrei.

Eskaera bera egin du ELA sindikatuko ordezkari Leire Txakartegik. Presoen aurkako salbuespen legedia amaitzeko galdegin du, iritzita euskal presoei legedi arrunta ezarri behar zaiela «xantaiarik gabe». Bere ustez, «bizikidetzan aurrera egiteko» urratsa litzateke euskal presoak etxeratzea.

Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiaren esanetan, sakabanaketa politika amaitzeko urratsak baikorrak izan dira, baina euskal presoak etxera bueltatzea ezinbestekotzat jo du «justiziatik eta elkarbizitzaren» ikuspegitik pausoa delako. Indarkeria zikloa ixteko, biktima ororen aitortza ezinbestekoa dela gaineratu du.

Aurora Madaula Junts per Catalunya-ko diputatuak manifestaziora joateko deia egin die herritarrei. Euskal presoen eskubideen urraketa salatu du eta «salbuespen politika» amaitzeko galdegin. Carme Forcadell Kataluniako parlamentuko presidente ohia ere izan da Euskalduna Jauregian, eta arratsaldeko manifestaziora joateko deia egin du. «Lotsagarritzat» jo du presoen auzian aski urratsak ez egitea. Euskal presoei ohiko legedia ezartzeari ezartzen zaizkion trabak gaitzetsi ditu, halaber: «Giza eskubideei lotutako gai bat da».

Jordi Pesadorrona ANCko ordezkariak ere babesa agertu dio Sareren manifestazioari eta baita indarkeria mota ororen biktimen aitortzari ere. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea defendatu du, era berean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.