Athletic 0-0 Osasuna

Athleticen aukerak, eta Osasunaren erresistentzia

Puntu bana lortu dute Athleticek eta Osasunak San Mamesen (0-0). Lehen zatian nagusi izan da Athletic, baina ez du golik sartzea lortu. Bigarren zatian hobeto aritu da Osasuna defentsako lanetan, eta parekatu egin da partida.

jarraia222923.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 9a
23:35
Entzun

Aho zapore gaziarekin eta gozoarekin jaso dute berdinketa Athleticek eta Osasunak asteleheneko derbian. Gazia, Athleticek; lehen zatian nagusi izan dira zuri-gorriak, eta zaleen aupada baliatuz gertu izan dute gola. Gozoa, berriz, Osasunak; bigarren zatian lan handia egin du atzean Jagoba Arrasateren taldeak, eta parekatu egin da partida. Gertuago izan ditu hiru puntuak Athleticek, baina ate aurrean asmatzen ez duenak jai izaten du futbolean.

Gola soilik falta izan du Athleticek lehen zatian. Osasunak ondo hasi du partida, baina lehen ordu laurdena pasatu orduko Athletic erabat nagusitu da jokoan. Vesgak eta Zarragak ederki presio egin dute, eta baloia lapurtzeko orduan zuzenean eraman dute baloia aurrera. Joko zuzena da Ernesto Valverderen Athleticen ezaugarri nagusia erasoan, eta oraingoan ere arrisku handia sortu du atzelarien bizkarrean. Williams anaiak behin eta berriro ahalegindu dira hegaletatik arearako bidea egiten, eta Aitor Fernandezek lanak izan ditu atea hutsean mantentzen.

Hala ere, lehen zatiko aukera garbi bakarra Guruzetak izan du. Errebote baten ostean area barruan jaso du baloia Donostiako aurrelariak, eta buelta erdian egindako errematea Aitorrek atera du atepetik.

Bigarren zatia, ordea, parekatuagoa izan da. Osasuna hobeto aritu da zelai erdian, eta Athleticek ez du atzelarien bizkarrean lehen zatian aurkitu duen zulorik aurkitu. Yeray Alvarez eta David Garcia erreferentziatzat hartuta, bi taldeetako atzelariak oso kontzentratuta aritu dira, eta aurrelariek oso aukera gutxi izan ditu bigarren zatian. Nicok eta Manu Sanchezek izan dituzte bi taldeentzako aukera garbi bakarrak: Muniainen erdiraketa bat gaizki errematatu du Nicok, eta Manu Sanchezek behartuta egindako errematea Unai Simonek atera du.

Datorren jardunaldian partida garrantzitsuak jokatuko dituzte bi taldeek. Osasunak Mallorca hartuko du Sadarren larunbatean (18:30). Gorritxoek ez dute urtea nahi bezala hasi, baina garaipenak konfiantza eta Europara begira jarraitzeko aukera emango lizkioke Jagoba Arrasateren taldeari. Athleticek, berriz, Realaren aurkako derbian ipini beharko du begirada bihartik aurrera. Txuri-urdinek sei punturen errenta lortu dute sailkapenean, eta bederatzira ez urruntzea izango da Valverderen taldearen helburua. Partida hori ere larunbatean jokatuko da, Anoetan. (21:00)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.