TXIRRINDULARITZA

Oso menditsua izango da Espainiako Vuelta

Etapa bat Tourmaleten amaituko da, eta bi Euskal Herrian jokatuko dira. Guztira hamar bukaera egongo dira mendatean. Taldekako erlojupeko batek abiaraziko du lehia, Bartzelonan, abuztuaren 26an.

Espaniako Vueltaren ibilbidearen aurkezpena, gaur, Bartzelonan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
enaut agirrebengoa
2023ko urtarrilaren 10a
21:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Mendate ikonikoek emango diote sona 2023ko Vueltari. Tropelak, besteak beste, Tourmaleteko, Angliruko eta San Martingo Harriko malda ezagunak igo beharko ditu, abuztuaren 26an Bartzelonan hasiko den lasterketan. Han egin dute gaur ibilbidearen aurkezpen ekitaldia. Eskalatzaileentzako aproposa izango da, guztira hamar etapa bukatuko baitira mendate batean. Pirinioak izango dira puntu beroetako bat: hasi eta berehala agertuko dira, eta bigarren astean itzuliko. Orduan iritsiko da lasterketa Euskal Herrira; 14. etapan, zehazki. Zuberoatik Nafarroara joko dute, eta Larra-Belaguako eski estazioan egongo da helmuga. Biharamuneko etapak Iruñea eta Lekunberri lotuko ditu. Erlojupeko batekin abiatuko da Vuelta: 14,6 kilometro egingo dituzte, taldeka. Lehen atseden egunaren ostean, berriz, 25 kilometroko bakarkako saioa egingo dute.

Aurrenekoz bukatuko da Vueltako etapa bat Tourmaleten. Antolatzaileek 2020an jarri nahi izan zuten helmuga mendate mitikoan, baina asmoak ezerezean gelditu zitzaizkien, pandemiaren ondorioz. Formigal izan zen ordezko bukaera, eta garaipen handia lortu zuen han Ion Izagirrek. Aurten, Formigalen bertan hasiko da 13. etapa, eta oraingaon bai, Tourmaleten egongo da helmuga. Tartean, beste igoera bortitz aurkituko dituzte: Aubisque eta Spandelles. Lasterketako plater nagusietako bat izango da; motza, baina gogorra: 4.200 metroko desnibela pilatuko dute 135 kilometroan.

Bapo egingo dute zaleek, beste etapa gogor bat jokatuko baita biharamunean. Ziklistak Oloroe-Donamariatik irtengo dira, eta Zuberoan Murkhuillako Lepoa eta Larraine igoko dituzte. Gero Lazako mendatetik pasako dira, eta San Martingo Harrian egongo da helmuga. 161 kilometroko saioa izango da. Hurrengo etapa Iruñea eta Lekunberri artean jokatuko da, eta ez da horren menditsua izango. Duela bi urte ikuskizun ederra izan zen Aralarren, baina aurten, Lekunberrira ez dira mendate horretatik iritsiko, Madotzeko igoera etzanetik baizik. Birritan igoko dute. Guztira, 156 kilometro egingo ditu tropelak.

Lasterketak hasieratik piztuko du ikusmina. Bartzelonako erlojupekoak lehen tarteak sortuko ditu faboritoen artean, eta biharamunean, lehia bizia egongo da Montjuiceko igoeran. Atseden hartzeko betarik gabe, Andorrako etapa iritsiko da hurrena. Lehen mailako Arinsalen egongo da helmuga, eta aurrez Ordino igoko dute. Beste bi etapa bukatuko dira goian lehen astean: 6.a, Javalambreko begiratokian; eta 9.a, Caravaca de la Cruzen. Xorret de Catira igo, eta jaitsieran izango du helmuga 8. etapak.

Bigarren asteari bakarkako erlojupekoarekin ekingo diote, eta hortik aurrera, ondo tentetuko da ibilbidea. 11. etapa Laguna Negran bukatuko da, eta Pirinioetako etapa handiak jokatuko dira segidan. Iruñea eta Lekunberri arteko etapa bukatuta, atseden hartuko dute txirrindulariek. Hobe dute indarrak ondo berritu, azken txanpa akigarria izango baita.

Angliruren itzulera

Ohiko legez, etapa erabakigarriak jokatuko dira Asturiasen. 17.ean Colladiella, Cordal eta Angliru kateatuko dituzte. Mendate ospetsuan amaituko dute saioa. 2020an igo zuten azkenekoz. Egun bat geroago, Vueltan sekula igo ez duten Cruz de Linaresen aurkituko dute helmuga. Beste lau mendate igoko dituzte aurrez, horietako bi lehen mailakoak. Azken ahalegina 20. etapan egin beharko dute sailkapen nagusikotxirrindulariek, Guadarramako mendizerran. Zirkuitu itxurako ibilbidea izango du, eta guztira hirugarren mailako hamar igoera gainditu beharko dituzte. Kili-kolo dabiltzanentzat, jasanezina izan daiteke.

Irailaren 17an helduko da tropela Madrilera, eta han koroatuko da Vueltako irabazlea. Iaz Remco Evenepoelek (Quick Step) irabazi zuen, baina ikusteko dago lehiatuko den ala ez. Munduko Txapelketa Vueltaren aurretik jokatuko da aurten, eta horrek eragina izan dezake parte hartzaileen zerrendan. Gonbidapenak garesti egongo dira aurten, eta litekeena da Euskal Herriko talde bat edo bi kanpoan geratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.