La Tribuna de Cartagena hedabide digitalaren zuzendariari hiru urteko kartzela zigorra ezarri diote Iruñeko talde bortxaketako biktimaren datuak zabaltzeagatik. Sententziaren arabera, akusatuak ezizen bat erabili zuen 2018ko maiatzean artikulu bat idazteko. Testu horrek «biktimaren pribatutasunean eragiten zuten datuak» zituen: izena, abizenak, etxeko helbidea, NA zenbakia, ikasten zuen unibertsitatearen izena eta bi irudi. Argazkietako batek, gainera, «izaera bereziki apalesgarri eta iraingarria» duela ondorioztatu du epaileak.
Informazio horiek zabaldu ziren momentuan Nafarroako Probintzia Auzitegiak jada emana zuen auto bat. Horren arabera, debekatuta zegoen salatzailearen nortasunari buruzko edozein datu zabaltzea, baita haren identitatea determinatzen laguntzen ahal zuten edozein datu argitaratzea ere.
Hedabide digitalak auto hori bete ez zuenez, biktimak «mezu anonimo ugari jaso zituen Internet bidez: irainak, mehatxuak, argazki muntaketak...». Horren ondorioz, atzerrira joan behar izan zen, eta bere ikasketak bertan behera utzi zituen.
Gaitasungabetze berezia
Kartzela zigorra ez ezik, akusatuak 15.000 euroko kalte ordaina ere eman beharko dio kaltetuari. Gainera, akusatuari gaitasungabetze berezia ezarriko zaiola azaltzen du epaiak: zigorrak dirauen bitartean ezin izanen du kazetaritzarekin lotutako sektore bakar batean ere lan egin. Hala ere, sententzia ez da behin betikoa, eta Murtziako Probintzia Auzitegian horren aurkako apelazio errekurtsoa ezar daiteke.