SAGARDO GARAIA

«Gure sagardo berria!»

Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, Sagardo Berriaren Egunaren 30. aldia ospatu dute gaur Astigarragan. Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek abiatu dute txotx garaia, Alorrenea sagardotegian.

enekoitz telleria sarriegi
2023ko urtarrilaren 11
15:58
Entzun

Zalantzak hasieratik uxatu dituzte: «Hasieratik, eta badaezpada, argi utzi nahi dugu guri sagardoa asko gustatzen zaigula». Sagardo berriarena ez ezik, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreena ere izan da gaurko txinparta. Haien ardura izan da txotx garaia abiatzea, eta halaxe egin dute Astigarragako (Gipuzkoa) Alorrenea sagardotegian, ohiko formula erabiliz horretarako, hau da, «gure sagardo berria!» oihukatuz.

Sagardoetxean egin dute eguerdiko ekitaldia. Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko eta Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariek parte hartu dute bertan, besteak beste, Xabier Urdangarin Astigarragako alkatearekin eta Garmendia eta Plazaola gonbidatuekin batera, Nerea Alias aurkezlea gidari hartuta.

Mintzaldien ostean, bi aktoreek sagarrondo bat landatu dute Sagardoetxearen atzeko belazean, Alaia Martin eta Agin Laburu bertsolarien agur, ziri eta zirto artean.

Alorrenea sagardotegira joan dira handik. Sagar dantzarekin egin diete harrera gonbidatuei, eta urteko lehen sagardoa dastatzeko ohorea izan dute ondoren. Umorez han ere: «Freskoa dago, gu geu bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.