Pentsioak

Pentsiodunek bost urteotako «lorpenak» ospatuko dituzte datorren astelehenean

Pentsiodunen mugimenduak azaldu du bere mobilizazioak funtsezkoak izan direla 2013ko erreformaren neurri batzuk indargabetzeko. «Borrokan» jarraituko dutela azpimarratu du.

Pentsioden mobilizazio bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko urtarrilaren 12a
13:23
Entzun

Duela bost urte sortu zen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, eta ordutik egindako ibilbidea ospatuko dute. Astero legez, astelehenean mobilizatuko dira Hegoaldeko hainbat hiri eta herritan, eta egun berezi horri begirako kantua, aldizkari grafikoa eta agiria prestatu dituzte.

Gaur Bilbon egindako agerraldi batean irakurri dute agiria. Mugimenduko kideek azaldu dutenez, haien eta Espainian sortutako taldeen mobilizazioak funtsezkoak izan dira 2013ko PPren pentsioen erreformaren neurri batzuk indargabetzeko. Besteak beste, %0,25ko igoeraren ordez KPIaren araberako igoerak ezartzeko, eta iraunkortasun faktorea delakoa bertan behera uzteko —etorkizuneko pentsioak batez besteko bizi itxaropenaren aurreikuspenen arabera ezartzeko modua ematen zuen horrek—. Horiek hala, aurten %8,5eko igoera izan dutela gogoratu dute. «Galdutakoa konponduko ez duen arren, gure borrokak lortu du».

Besteak beste, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea izan da mugimenduaren beste aldarrikapenetako bat, eta horri eusten diote Hego Euskal Herrian. Mobilizazioekin jarraituko dutela nabarmendu dute.

Pentsioekin zuzenean loturikoez gain, gogorarazi dute beste arlo ugaritan era aritu direla beste gizarte eragile batzuekin elkarlanean, eta pentsiodunen mugimendua borroka horietan «erreferente bat» bilakatu dela. Besteak beste, gogoratu dute osasun publikoaren eta mendekotasuna artatzeko zerbitzu publikoen aldeko mobilizazioetan parte hartu dutela, Euskal Herriko 200 udaletan baino gehiagotan banku zerbitzuetan aurrez aurreko arreta bermatzeko mozioak onartzea lortu dutela, eta lan baldintzak hobetzeko hainbat mobilizaziorekin bat egin dutela.

«Mila arrazoi ditugu borrokan jarraitzeko», azpimarratu dute, eta, adibidez, honako hauek zerrendatu dituzte: prezioen igoera, finantza erakundeen eta energia enpresa handien mozkinak, etxebizitzaren arazoa eta osasun publikoaren defentsa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.