Zinema

Gina Lollobrigida aktore italiarra hil da, 95 urterekin

Zinemako izar bilakatu zen Italian XX. mendearen erdialdean, eta Hollywoodera egin zuen jauzi gero.

Gina Lollobrigida, 2008an, Erromako zinema jaialdian. ALESSANDRA TARANTINO / EFE
mikel lizarralde
2023ko urtarrilaren 16a
13:21
Entzun

Gina Lollobrigida aktore italiarra gaur hil da, Ansa albiste agentziak jakinarazi duenez. Bere ibilbidean 60 filmetan baino gehiagotan parte hartu zuen, eta batik bat Italian lan egin zuen, baina nazioarteko ekoizpenetan ere aritu zen, baita Hollywoodeko hainbat zinemagilerekin ere. Hala, zuzendari izan zituen Rene Clair, John Huston, Vittorio De Sica eta King Vidor, besteak beste, eta haren ondoan aritu ziren Burt Lancaster, Humphrey Bogart eta Marcello Mastroianni, beste batzuen artean.

Luigina Lollobrigida Subiacon jaio zen (Italia), 1927an, eta 20 urterekin Erromara lekualdatu zen, Arte Ederrak ikasteko asmoarekin. Han, baina, modelo lanak egiten hasi zen, eta lehendabizi Miss Erroma lehiaketara aurkeztu zen, eta segidan Miss Italiara. Horrek ezagun bihurtu zuen herrialdean, eta bultzada ere izan zen zinema munduan sartzeko. Hala, Cinecitta estudioetan rol txiki batzuk lortu zituen (Aquila nera, Ricardo Fredda, 1946: L'elisir d'amore, Mario Costa, 1947; Il delitto di Giovanni Episcopo, Alberto Lattuada, 1947), eta pixkanaka, baita protagonista rolak ere: Campane a martello (Luigi Zampa, 1949), Miss Italia (Duilio Coletti, 1950), Vita da cani (Mario Monicelli / Steno, 1950)...

1952an Cannesen eta Berlinen izan zen Fanfán La Tulipe frantziar produkzioarekin (Christian-Jaque), eta horrek nazioarteko oihartzuna eman zion Lollobrigidari. Ordurako, bere herrialdean izar handia bilakatzen hasia zen, eta Pane, amore e fantasia-k berebiziko bultzada eman zion (Luigi Comencini, 1953), film horrekin irabazi baitzituen bere lehendabiziko interpretazio sariak.

Garai hartan egin zuen Hollywooderako jauzia ere. John Hustonek Beat The Devil filmerako deitu zuen (1953), eta lan horretan aukera izan zuen Bogartekin eta Truman Capoterekin lan egiteko —gidoilari aritu zen idazlea—. Eta hiru urte geroago, Burt Lancasterrekin eta Tony Curtisekin osatu zuen Trapeze zirku munduan girotutako dramaren hirukote sentimentala, Carol Reeden aginduetara. Urte hartan bertan, 1956an, Esmeralda izan zen Notre-Dame de Paris filmean (Jean Delannoy), eta 1959an King Vidor zinemagilearekin lan egin zuen Solomon and Sheba Biblian oinarritutako ekoizpen erraldoian.

60ko hamarkadatik aurrera, Italiako zinemagintzan zentratu zen batik bat, nahiz eta Hollywoodeko zenbait produkzio arrakastatsutan ere parte hartu zuen; esaterako, Buona Sera, Mrs. Campbell filmean (Melvin Frank, 1968). Hurrengo hamarkadan, berriz, zinema uzten hasi zen, eta gerora telesail gutxi batzuetan ere parte hartu zuen, hala nola AEBetako Falcon Crest folletoian.

Orain dela hilabete gutxi batzuk albiste iturri izan zen Lollobrigida, joan den urteko irailean Italiako Senaturako hauteskundeetara aurkeztu baitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.