Espainiako Kopa

Athleticek eten du bolada txarra, eta aurrera egin du Kopan

Athleticek aurrera egin du Espainiako Kopan, Espanyol 1 eta 0 menderatu eta gero. De Marcosek sartu du neurketako gol bakarra. Zuri-gorriek nahieran kontrolatu dute neurketa hasi eta buka.

jarraia223291.jpg
Iñaki Berastegi.
2023ko urtarrilaren 18a
23:30
Entzun

Ostiralean egingo den Kopako final laurdenetako zozketan izango da Athletic. Oscar de Marcosen golari esker, zuri-gorriek 1 eta 0 menderatu dute Espanyol San Mamesen. Hasi eta buka, Ernesto Valverderen taldea nagusi izan da joko zelaian. Ohikoa duen moduan, Athleticek intentsitate eta erritmo handia sartu dizkio neurketari, eta gol gehiagorekin partida biribiltzea baino ez zaio falta izan. Espanyol, aldiz, nahi eta ezin aritu da: lehen zati eskasa jokatu ostean, bigarrenean itxura hobea eman du Diego Martinezen taldeak, baina ez da nahikoa izan kanporaketa orekatzeko. Bigarren zatian, Athleticek neurketa batere arazorik gabe kontrolatu ahal izan du, eta gertuago egon da etxeko taldearen bigarren gola, berdinketarena baino.

Joan-etorri eta erritmo handikoak izan dira partidako lehen minutuak San Mamesen. Ernesto Valverderen taldeak beste behin erakutsi du gustura sentitzen dela mota horretako partidetan, eta, presioa aurrean eginez eta trantsizio azkarren bitartez, Espanyolek baino askoz ere hobeto ekin dio neurketari. Atzean sartzera behartu du Bartzelonako taldea, eta baloia azkar eta Espanyolen areatik gertu berreskuratzen zuen behin eta berriro talde zuri-gorriak.

Hala, lehen ordu erdira iritsi aurretik ailegatu da zuri-gorrien gola: jokaldi landu batean, ateari bizkarrez zegoen Oihan Sancetek orpoz pase dotorea eman dio De Marcosi, Guardiako atzelariak, area barruan, Joan Garcia Espanyoleko atezaina gainditu zezan: 1 eta 0, 28. minutuan. Batak eta besteak egindakoa ikusita, golak justizia egin du. Gehiagoren bila segitu du Valverderen taldeak, baina lehen zatian markagailua ez da gehiago mugitu. Espanyol oso deseroso egon da lehen zati osoan, atzean sartuta, eta arriskurik sortzeko batere gaitasunik gabe.

Atsedenaldian sistema aldatzea beharrezkoa zela iruditu zaio Diego Martinez Espanyoleko entrenatzaileari —bost atzelarirekin jokatu du lehen zatia—, eta Kataluniako taldeak hobera egin du. Hobekuntza, ordea, ez da behar adinakoa izan Athletic estu hartzeko. Are gehiago, Athleticek bi hegaletatik min egiten jarraitzen zuen, eta Sancetek gertu izan du bigarren gola.

Neurketako azken ordu laurdenean sartuta, erritmoa apaltzeko hautu nabarmena egin du etxeko taldeak. Hegaletan zuen bizkortasuna ustiatu beharrean, baloi jabetza luzeagoak erabili ditu Athleticek, erasoari erabat uko egin gabe. Horretarako, Raul Garcia, Ander Herrera eta Iker Muniain zelairatu ditu bigarren zatian Ernesto Valverdek, eta zuri-gorrien entrenatzaileari ondo baino hobeto atera zaio apustua. Luzapenean sartuta, kontraeraso batean bigarrena egiteko aukera ona ere izan du Raul Garciak, baina ez da halakorik gertatu. Neurketa, oro har, kontrolpean izan du taktikoki Athleticek; lan bikaina egin du, eta batere sufritu gabe amaitu du neurketa.

Orain, asteburuko partidari begira jarriko dira Valverderenak. Real Madril hartuko dute igandean San Mamesen (21:00), eta azkenean Yerayk ezin izango du jokatu, Anoetan txartel gorria ikusi ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.