Danborradak

Danbor hotsak dira nagusi Donostian gauerditik, denboralearen burrunbaren ostean

Piztu Donostia plataformak salatu du Donostiako Udaltzaingoak herritarrak «jipoitu» dituela 'Etxera' testua zuen pankarta bat kentzeko.

Donostiako Plaza Berria, gauerdian. GORKA RUBIO / FOKU
2023ko urtarrilaren 19a
14:41
Entzun

Denboraleak ekarritako trumoiaren burrunba baretzen hasi den honetan, Donostian danborren hotsak ordezkatu du. Euripean bada ere, gogoz abestu dute Sarriegiren San Sebastianen martxa Donostiako plaza berrian, hiriko bandera altxatzeko ekitaldian.

Piztu Donostia plataformak salatu du Donostiako Udaltzaingoak presoen alde Etxera testua zuen pankarta bat kendu duela Plaza Berrian. «Pankarta ez jartzeko, herritarrak bortizki jipoitu ditu, eta, laban handi batez, pankarta eta soka moztu ditu». Esan dutenez, «hogei udaltzain ezkutuarekin eta borra teleskopikoarekin» egin dute herritarren kontra.

Hotza eta euri apur bat espero dute gaur goizerako, baina ohikoa da hori urtarrilaren 20 batean.

Haurren konpainiak ere aterako dira gaur eguerdian. Denera, 4.731 haurrek hartuko dute parte, 48 konpainiatan. Union Artesanak haurren danborrada aterako du aurten lehen aldiz, eta orain arte Errekalde Gastronomi Elkartea zenarena Amassorrain ikastola izenpean aterako da aurten.

Javier Garcia Cogorrok jasoko du 2023ko Urrezko Danborra, gaur. Atzo gauean San Sebastian martxa jotzen aritu zen Gaztelubide konpainiarekin, Plaza Berriako oholtzaren gainean. Bioteknologiaren alorreko Viralgen Vector Core enpresako burua da.

Lola Horcajo historialariari emango diote Hiritar Merezimenduaren Domina. Hiriaren historia ikertu du, eta hainbat liburu argitaratu ditu ikerketa horiek zabaltzeko.

Hainbat danborradek 25 urte bete dituzte aurten, eta omenaldiak ari dira jasotzen egunotan. Anastasio danborradako emakumeen konpainia da horietako bat. Beste bat Lagun Artea da, Erdialdekoa, eta, gaur, hil osteko omenaldia egingo diote haren danbor nagusi izandako Alvaro Urrengoetxeari. Alargunari emango diote oroigarria.

Morea, zuri-urdinaren artean

Aurten ere, eraso sexisten kontrako kanpaina bat antolatu du Donostiako Udaleko Berdintasun Bulegoak, eta Bulebarreko prentsa kioskoan puntu morea jarri zuen atzo. 02:00ak arte egon da zabalik. Parte Zaharreko tabernatan ere eraso matxisten inguruko informazioa dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.