Txirrindularitza

Pello Bilbaok Down Under itzuliko hirugarren etapa irabazi du, esprintean

Simon Yatesi eta Jay Vineri hartu die aurre azken metroetan. Vine da orain lider, eta Bilbao bigarren da, hamabost segundora.

Pello Bilbao, helmugara iristean. MATT TURNER, EFE
Jon Ordoñez Garmendia-Julen Etxeberria
2023ko urtarrilaren 20a
09:41
Entzun

Pello Bilbaok (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1990) ezin hobeto ekin dio denboraldiari. Lehiatu den laugarren egunean lortu du Bahrain taldeko txirrindulariak lehen garaipena. Australian izan da, Down Under Itzuliko hirugarren etapan. Euskal Herriko txirrindulari batek sasoi honetan lortutako lehen garaipena da, baita proba horretako lehena ere. Mikel Astarloza pasaitarra Down Under Itzulian nagusitu zen 2003an, baina ez zuen etaparik irabazi.

Esprintean irabazi du Bilbaok. Simon Yates ingelesari (Jayco) eta Jay Vine australiarrari (UAE) hartu die aurre. Vinek egin du eraso helmugarako 2,3 kilometro falta zirela, Corscrew mendatean, %9,2ko pendiza duen aldapa batean. Hasieran, Yatesek soilik jarraitu ahal izan du haren erritmoa, eta Rohan Dennis liderra (Jumbo-Visma) atzean geratu da. Bilbaok, ordea, bi iheslariak mendate gainera iritsi aurretik harrapatu ditu, eta esprintean irabazi die.

Sailkapen nagusian, Vine dago lehen postuan, eta Bilbao bigarren da, hamabost segundora. Yates, berriz, hirugarren da, hamaseira. Itxura guztien arabera, hiru ziklista horiek lehiatuko dira azkeneko bi etapetan Itzulia irabazteko asmoz. Aldapan gora bukatuko dira biak.

Bilbaok konfiantzaz lepo ekingo dio erronkari. Sasoi betean dagoela erakutsi du. Nekez du gorabeherarik. Azken urteetan lortu dituen emaitzak dira horren erakusle; Down Underrekoa kontatuta, bost garaipen lortu ditu World Tourrean 2018tik hona: bi etapa irabazi ditu Italiako Giroan, beste bat Euskal Herriko Itzulian, eta beste bat Dauphinen. Oso ondo aritu da itzuli handietan ere: Giroan, bitan izan da bosgarren, eta behin seigarren; eta, Frantziako Tourrean, bederatzigarren izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.