Javier Sada

«Gaur egungo danborradak ez dauka zerikusirik hasierakoarekin»

Donostiari eta danborradari buruz asko aztertutakoa da Javier Sada Donostiako kronikagilea. Gertutik ezagutu ditu danborradaren berrikuntza guztiak, baina gazteagoei lekukoa emanda dabil azkenaldian.

Javier Sada. JON URBE, FOKU
unai zubeldia
2023ko urtarrilaren 20a
10:52
Entzun

Donostia eta danborrada aipatu, eta Javier Sada etorriko zaie askori burura (Donostia, 1943). Oso gazterik hasi zen idazten, eta, Gipuzkoako hiriburua gai gisa hartuta, 5.000 artikulu baino gehiago dauzka idatzita, ehunka hitzaldi emanda eta 90 liburu baino gehiago publikatuta, horietako asko danborradari buruz. Parisekin maiteminduta dagoela aitortu du, eta «bizizaletzat» dauka bere burua. Gaurko San Sebastian egunarekin adina gozatu du azken bizpahiru asteotako tokian tokiko entseguetako danbor hotsekin.

Javier Sada, historialaria eta kronikagilea.

Ez. Lehen zatia ez da da zuzena. Niretzat oso desberdina da historialaria edo kronikagilea izatea. Ni inoiz ez naiz izan historialaria. Kronikagileak ez du egiten analisirik, ez du ikertzen, ez du erabiltzen adjektiborik. [Francisco] Francori buruzko seiehun orrialdeko liburu bat idatzi nuen, eta HBkoei eta Francisco Franco fundaziokoei gustatu zitzaien, pentsa! Irakurlea nahikoa buruargia da garai bat ona edo txarra den jakiteko. Hori bai, inoiz ez dut izan nahi izan Donostiako kronikagilea, edozein hiritako kronikagileak bertako udala zein ona den esaten duelako etengabe. Libre ibiltzea gustatu izan zait beti; nik disfrutatzeari eman izan diot garrantzia beti.

Kronikagilea bai, baina zer gehiago zara zu?

Bizizalea. Hori da nire ogibidea.

1943an jaio zinen, Bigarren Mundu Gerra betean. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Ormaiztegiko Udabarro baserrian jaio zen gure amona. Beste asko bezala, zerbitzera etorri zen amona Donostiara. Orratzain gisa aritu zen lanean, Errondo pasealekuan; trenak trenbidez aldatzeko, errailak mugitzeaz arduratzen zen. Aitona, berriz, nafarra, zerbitzaria zen Easo plazako taberna batean. Han ezagutu zuten elkar, Urbieta kalean etxebizitza bat hartu zuten alokairuan, eta han jaio ginen nire gurasoak, ni neu, nire seme-alabak…

Zein da Donostiaz daukazun lehenengo oroitzapena?

Carmelo ikastetxera joan nintzen lehenengo, Jesusen Bihotza ikastetxera gero, eta, Jesusen Bihotza Mundaiz bihurtu zenean, gurasoek Los Angeles ikastetxera bidali ninduten azkenik. 14 urterekin hasi nintzen lanean, baina aurretik, 10-11 urte betetzerako, hasita nengoen auzoko egunkarian idazten. Asko gustatzen zitzaidan idaztea. 14 urte nituenetik 17-18 bete arte laurehun neskarekin eskutitzak idazten aritu nintzen, bakoitzarekin pertsonaia bat asmatuta: adineko bat, abokatua, ikaslea… Fitxategi bat neukan pertsonaia guztiei eusteko. Izugarri idatzi nuen garai hartan. Denak lagun giroan agurtu, eta ipuinak idazten hasi nintzen gero; sari batzuk ere irabazi nituen.

Antzerkia asko gustatzen zitzaidala jabetu nintzen ondoren, eta TEUn sartu nintzen [Espainiako Unibertsitateko Antzerkia], Donostiako Kursaalean. Sei obra idatzi nituen, eta estreinatu baino bi aste lehenago debekatu zidaten bat; kolpea hartu nuen. El Diario Vasco-n aukera eman zidaten gero Sara Bernali buruzko artikulu bat idazteko, eta hura izan zen nire lehenengo artikulua, 17-18 urterekin; 5.000 iritsi dira ondoren.

Beste ate batzuk ere ireki zizkizun antzerkiak, ezta?

Bai. Antzerki eskolatik Parisera joan ginen 1961-1963 inguruan. Jendea nahi zuen bezala jantzita ibiltzen zen kalean, inor ez zen gelditzen begira, filmak zeuden, liburuak, giro ona… Hiri harrigarri batekin topo egin nuen. Ordutik, urtean bizpahiru aldiz joaten naiz Parisera.

Ikasketak kontuan hartuta, ondoren ez zenuen hartu gurasoek aukeratutako bidea, ezta?

Apaiz sartzekoa nintzen, karmeldarrekin, Zornotzan [Bizkaia], baina bezperan utzi egin nuen bide hori; ez nintzen joan. Arazo existentzial asko neuzkan orduan. Jende asko bakarrik zegoela konturatu nintzen, jende askok behar zuela laguntza. Aldizkarietan agertzen ziren neska-mutilen helbideak gordetzen hasi nintzen, eta milaka neuzkanean sortu nuen kontaktuetarako lehenengo agentzia: Sadahs. Ez zen ligatzeko ezer, harremanak egiteko baizik. Handituz joan zen jolas moduan hasi zena, eta Europako hainbat txokotan guneak sortzen joan ginen. 100 pezeta ordaintzen zizkidaten urtean [0,60 euro]. Abentura hark idazten irakatsi zidan. 20-21 urterekin Loiolako kuartelera [Donostia] joan nintzen soldaduska egitera, boluntario, aurrerantzean ez nien erantzun gutunei, eta hantxe gelditu zen dena.

20-21 urte izaterako Donostiari buruz idazten hasita zeunden, ezta?

Bai. Ordu asko pasatu nituen egunkariak-eta irakurtzen; asko interesatzen zitzaidan. Mañu Zapiain KTEn ari zen lanean orduan [Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxean]. Ezagutzen nuen, eta KTEren argazki lehiaketa batean saria eman zidaten segidan. Horren harira hasi nintzen haiekin elkarlanean lehenengo eta bertako langile bezala gero, 30 urtez, lanaldi erdian, festen inguruan beti.

5.000 artikulu baino gehiago idatzi dituzu jada, horietako asko danborradari buruzkoak. Gazteenek badakite zein den danborradaren oinarria?

Danborradaren benetako historia ez du inork ezagutzen, ez dagoelako datu zehatzik. Nire ikuspegia eman nuen nik, baina duela hiruzpalau urte mundutik desagertzea erabaki nuen. Arrazoietako bat izan zen hirurogei urte daramatzadala nire bertsioa kontatzen. Gazte prestatuagoek lekukoa hartzeko garaia da.

Zuk idatzia da, ordea, 1836an sortu zela danborrada.

Bai… Baina gutxi gorabeherako datak dira denak, ez baitago danborradaren sorrerako agiririk. 1813an kokatzen dute batzuek, Frantziako soldaduen mugimenduetan; oso polita, poetikoa eta salgarria da istorio hori, baina ez dut uste hala denik.

Argi samar dagoena da militarren parodia bat zela hasierako danborrada hura, inauteri girokoa.

Bai. Orduko agiriak aztertuta, argi dago hori. Baina danborradaren bertuteetako bat izan da garaian garaikora egokitzen jakin izan duela; puristen esku egon balitz dena, aldaketarik onartu ez balute, danborrada desagertuta zegokeen aspaldian. Gaur egungo danborradak ez dauka zerikusirik hasierakoarekin; ez data —urtarrilaren 21ean atera ziren urte batzuetan—, ez danborrak, ez jantziak, ez musika…

Nondik nora sortutakoa da gaur egungo solemnitate hori?

Poliki-poliki egokitu da hori ere. 1872an garbiketa handi bat egin zuten San Telmon, orduko kuartelean, eta danbor zahar batzuk agertu ziren. Bi urte lehenago sortu zuten Union Artesana, eta haiei oparitu zizkieten. Aurretik, bakoitza nahi zuen bezala ateratzen zen danborradan, baina danbor berri horiekin atera ziren 1872an. Antzeko zerbait gertatu zen jantziekin ere: Napoleonen garaiko uniforme batzuk agertu ziren San Telmon, eta Union Artesanari eman zizkioten. Hala atera ziren lehen urtean, errepikatu egin zuten bigarrenean, hirugarrenean ere bai… Ohitura bihurtu zen. Bigarren elkarteak Union Artesana kopiatu zuen, hirugarrenak ere bai…, gaur egun arte.

JAVIER SADA

Danborradan. Javier Sada urte askoan atera zen Union Artesanaren danborradan, eta azken urteetan beste hainbat danborradatan ere bai, haiek gonbidatuta. Irudian, Union Artesanarekin, 1970 inguruan.

Noiz eta nola hartu zuten hainbesteko garrantzia Donostiako elkarte gastronomikoek?

Eskulangileen batasuna zen Union Artesana; hura sortu zutenean, artean ez zeuden elkarte gastronomikoak. 1902 ingurura arte gremioen esku zeuden Donostiako festak, sindikatuak sortu zituzten arte. Orduan, ugarituz joan ziren herriko elkarteak, eta abestu, jan, edan, koruak antolatu, kirol jarduerak antolatu, festak…; hori zen haien egitekoa. Egokitzapen fase hartan, elkarte bakoitzean danborradak sortuz joan ziren pixkanaka.

1927an, haurren danborradarena izan zen beste aldaketetako bat, ezta?

Bai. Maurizio Etxanizek, Euskal Bilerako presidenteak, 1926rako atera zuen haurren danborrada bat, Zorroagako babes etxeko haurrekin. Arrakastatsua izan zen, eta, horri esker, 1927an atera zen haurren benetako lehen danborrada. 150. urteurreneko ospakizunak zeuden 1963an, eta urte horretan haurren danborrada Falangearen Frente de Juventudesek antolatu nahi zuen. Hori saihesteko, bospasei eskola gehiago sartu zituzten 1961ean, eta 350 ume elkartu ziren; 1962rako, bostehun baino gehiago izan ziren; eta 1963rako, zazpiehun baino gehiago.

1980an iritsi zen beste aldaketa bat: Kresala elkarteko 29 emakume lehen aldiz atera ziren danborradan gizonen pare. Nola bizi izan zenuen hura?

Aktiboki. Emakumea testuinguru historikoan kokatzeko ariketa bat egin genuen, gizona bezain baliagarria zela erakusteko. Danborrada goizaldean abuztuaren 31 kaleko iturrietan sortu zela onartzen badugu, ez dut uste garai hartan, goizaldean, gizonak joango zirenik iturrira ur bila. Iturrian gizonak zeudela onartu badugu, emakumeak ere bazeudela onartu beharra daukagu. Bestalde, XIX. mendean soldaduz jantzita joaten ziren emakumeak? Ez. Horregatik, garai hartako jantziak aztertu eta urketari jantzia aukeratu genuen. Eta soldadu jantzirik ez bazeukaten, danborra ere ez zuten joko, ezta? Horregatik aukeratu genuen ferreta edo kupela. Nire ustez, halakoetan, behartzea baino hobea da konbentzitzea, baina Odon Elorza alkateak argi esan zien Gaztelubidekoei: emakumeak onartu, edo diru laguntzarik eta festa hasierarik gabe geldituko zarete.

Aurten, zortzi konpainia gizonezkoenak izango dira oraindik.

Bereziak dira Gaztelubideren eta Union Artesanaren kasuak. Garai zailean festa hasteko eta amaitzeko ardura hartu zuten, eta orain bat-batean ohore hori kenduko baliote, litzateke… Baina denbora kontua da dena.

Nola ospatuko duzu aurtengo San Sebastian eguna?

Urte askoan atera nintzen Union Artesanaren danborradan, baina duela urte asko erabaki nuen nahikoa zela. Eguna bera gustatzen zait, baina baita aurretik entseguetan sortzen den giroa ere. Asko gozatu dut entseatzen ari zirela entzunez. 15.000 familia danborrada buruan dutela ibiltzen dira hogei egun lehenagotik; horrek giro berezia sortzen du hirian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.