Telebista

TVEk 'El conquistador del fin del mundo' egiteko eskubideak erosi ditu

ETB2k reality-a egiten jarraituko du. TVEk datozen hilabeteetan grabatuko du bere bertsioa, eta Julian Iantzi izango da aurkezlea.

2021eko finalaren irudi bat. ETB
urtzi urkizu
2023ko urtarrilaren 20a
16:40
Entzun

Euskal Herritik kanpo jarraitzaile asko ditu ETB2ko El conquistador del fin del mundo abentura lehiaketak. Eta hemendik aurrera gehiago izango ditu: Espainiako TVE telebista publikoak reality-aren eskubideak erosi ditu. Horrek ez du esan nahi ETBk programari uko egingo dionik —hemeretzigarren denboraldian da saioa, eta astelehenean %26,7ko ikusle kuota lortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—. Hainbat hedabidek zabaldu duten informazioaren arabera, TVEko edukien estrategia zuzendari Jose Pablo Lopezek akordio bat itxi du reality-a emateko, eta datozen hilabeteetan grabatuko dute. Asmoa litzateke La1 kateak datorren denboraldian estreinatzea Espainiako bertsioa. The Mediapro Studiok —berea da Hostoil— albistea baieztatu du.

Julian Iantzi izango da TVEko bertsioaren aurkezlea. ETB2 kateko saioan hemeretzi urte daramatza Iantzik aurkezle lanak egiten. Iaz, TVErentzat lan bat egin zuen Iantzik: Iruñeko sanferminetako entzierroak kontatu zituen.

TVEk berrikuntza gehiago estreinatu nahi ditu datozen hilabeteetan. Besteak beste, Pekin Express abentura lehiaketa emango du —Cuatro kateak hainbat edizio eman zituen—.

El conquistador del fin del mundo Hostoil ekoiztetxeak egiten du; azkeneko sei urteetan, El conquistador del Caribe du izena. Ekoiztetxe hori Globomediaren menpeko enpresa bat da, eta horrek berak ekoitzi zuen joan den udazkenean Naufragoak euskarazko reality-a, Karibe itsasoko uharte batzuetan —ez zituen esperotako ikusle datuak lortu—. Aldiz, El conquistador del Caribe-k sekulako ikusle datuak bereganatu ditu azkeneko urteetan: 2021eko finalak %38,1eko ikusle kuota izan zuen —batez beste, %26,3ko ikusle kuota izan zuen—, eta iazko finalak, %28,8ko kuota —batez beste, %24,4ko kuota—. Gainera, ikus-entzule euskaldunen artean harrera oso beroa du programak: %29ko kuotaren bueltan ibiltzen da. Aurten, Iantziren alboan Lur Errekondo kirolaria ari da aurkezle lanetan —Naufragoak saioan ere aritu zen—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.