Rayo Vallecano 0-2 Reala

Realak geldiezin segitzen du, eta marka berria ezarri du

Txuri-urdinek irabazi egin dute Rayoren aurka, eta bederatzigarren garaipena eskuratu dute jarraian. Klubaren historiako boladarik onena da. Sorlothek eta Barrenetxeak egin dituzte golak, lehendabiziko zatian

Alexander Sorloth, errematea egiten. Norvegiarrak egin du txuri-urdinen lehen gola. ZIPI ARAGON / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko urtarrilaren 21a
18:21
Entzun

Reala suziri baten gisan ari da. Gora eta gora eginez, lehertzeko beldurrik gabe. Txuri-urdinen aldi onak garaipenak ditu sinonimo, eta Rayo Vallecanoren zelaian gailenduta, bederatzigarrena eskuratu du jarraian. Imanol Alguacilen taldea 0-2 nagusitu da gaur Madrilen, eta marka berria ezarri du klubaren historian, inoiz baino garaipen gehiago kateatuta. Aurrez, donostiarren garairik onenek ez zuten halako boladarik izan.

Teknikari oriotarrak zenbait aldaketa egin ditu Rayoren aurkakoan. Egoerak hala behartutagehienak, egokieraren ustean besteak. Esaterako, Ander Barrenetxea, Asier Illarramendi eta Pablo Marin hasieratik aritu ditu, besteren artean, Mikel Merino min hartutakoaren eta Martin Zubimendi zigortuaren ordez. Take Kubo ere deialdian izan da, baina ez da aritu, azken orduko arazo batzuengatik. Realaren garai onaren erantzule dira hiru jokalari horiek, baina haiek gabe ere gailendu egin da taldea.

Multzoaren kudeaketa gako izaten ari da Realaren aldi bikainean, halaxe ari baita azkenaldian, irabazi eta irabazi. Sailkapenari erreparatu besterik ez dago horretaz jabetzeko, Real Madrilekin berdinduta baitago bigarren postuan, espainiarrek Athleticen aurka bihar egiten dutenaren zain. San Mamesen zer gerta ere, Vallecaseko garaipenak hirugarren postuan indartu ditu Zubietakoak.

Realak ez ditu 90 minutu distiratsu behar irabazteko. Nahikoa ditu bi bristada. Sendo ari da, eta elegantziarik ez duenean, ofizioa du berme. Hala izan da oraingoan ere. Estutasun gehiegirik ez du izan atzeko lerroan, eta azeriaren pare aritu da erasoan. Azken metroetan azti jokatzeari etekina atera dio enegarren aldiz, eta hasi eta gutxira egin du, gainera.

Izan ere, txuri-urdinak nagusi izan dira estreinako minutuetan, eta berandu baino lehen jaso dute saria. Alexander Sorlothek sasoiko zortzigarren gola egin du 15. minutuan. David Silvaren oinetan abiatu du jokaldia; erdilariak maisuki ostu du baloia hiru laurdenen eremuan, eta Rayoko jokalarien artetik gidatu ostean, lerro arteko pasea eman dio Sorlothi. Puntakoa izan da norvegiarraren errematea ere; lehen ukituan jo du baloia, eskuineko oin-muturrarekin, etaDimitrievski atezainaren zango artetik igarota sareratu du. Zailena egin dute bisitariek; aurrea hartzea. Behin markagailua estreinatuta, eroso aritu dira aurrerantzean.

Norgehiagokak ondo hasi ohi ditu Realak, eta Vallecasekoa beste adibide bat izan da. Horren jakitun, Rayo saiatu da lehen minutuetan aurre egin eta hortzak erakusten, baina Realak ondo lotu du Andoni Iraolaren taldea. Ez hori bakarrik; abantaila eskuratu orduko aurrerako urratsa egin du, eta sendotasuna erakutsi du jokoaren alor gehienetan.

Baita geldikako jokaldietan ere. Halako batean ailegatu da bigarren gola, 36. minutuan. Brais Mendezek egindako korner jaurtiketa bat Aritz Elustondok loratu du, eta Barrenetxeak eroso errematatu du sarera. Golak biribildu du donostiarraren eguna; lesio luze baten ostean hasierako hamaikakora itzultzeaz gain, bere aletxoa jarri du markagailuan aldea handitzeko.

Bigarrenean ere, kontrolpean

Ordutik aurrera, egoera kontrolpean izan du Realak. Rayori utzi dio jokoaren gidaritza, bigarren zatian batik bat. Baloi jabetza galdu arren, ordea, bururik ez du galdu. Rayok estutu du atsedenalditik itzultzean, baina eta Alex Remirok gogotik egin behar izan du lan Florian Lejeuneren erremate bat geratzeko.

Nolanahi ere, txuri-urdinek kontrolpean eduki dute norgehiagoka,zer esanik ez minutuek aurrera egin ahala, eta eta Imanolek Espainiako Kopako partidan jarri du arreta. Bost aldaketak egin ditu; Mikel Oiartzabal eta Carlos Fernandez zailduez gain, Robert Navarro, Jon Ander Olasagasti eta Ander Martin zelairatu ditu. Zenbait minututan, harrobikoak izan dira zelaiko 11 jokalarietatik bederatzi. Horra gaurko beste garaipena.

Imanol pozik bezain zuhur mintzatu da neurketaren amaieran: «Indarrak ahitu artean eutsi behar diogu bolada onari. Aldi onak ahalik eta gehien luzatu behar dira, eta une onean gaude. Dena den, min hartutako jokalari asko ditugu, eta ez da erraza luzatzea». Realak garai ona luzatu nahi du datorren astean, Bartzelonaren aurka, Espainiako Kopan, eta Real Madril kontra, ligan. Parean edonor jarrita ere, suziriak ez du geratzeko asmorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.