Reala 0-3 Bartzelona

Titulu gabe geratu da Reala

Partida duina jokatu arren, Realak 0-3 galdu du Espainiako Superkopako finala, Bartzelonaren aurka. Beste final bat jokatzeari balioa eman nahi izan dio Nerea Eizagirre kapitainak.

Le Guilly eta Oshoala baloi baten atzetik lehian, gaur, Meridan. JERO MORALESS / EFE
jon eskudero
2023ko urtarrilaren 22a
14:08
Entzun

Asko bai, baina aski ez. Partida duina jokatuagatik, Espainiako Kopako titulurik gabe geratu da Reala gaur, Meridan (Espainia). Hasi eta buka, ongi lehiatu dira txuri-urdinak, baina ezin izan dute ezer egin Bartzelona ahaltsuaren aurka. Gaur-gaurkoz, munduko talderik indartsuenetako bat da Bartzelona, indartsuena ez baldin bada, baina Natalia Arroyoren taldeak bazuen itxaropena ezustea emateko. Hots, ohiko erakustaldirik egin gabe jokatu du Kataluniako taldeak, ziurrenik Realaren lan onagatik. Ordea, Aitana aurrelariaren bi golek erabaki dute lehia. Ondorioz, txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan dute donostiarrek.

Hasierako hamaikakoari begira, zeuzkan arma guztiak zelairatu ditu Arroyo entrenatzaileak. Atzeko sendotasunari eutsi eta erasoan Nerea Eizagirre ardatz harturik, oso ongi jokatu du Realak hasieran. Zelai erdian egoki ordenatuta aritu da, eta ailegaera onak izan ditu, gainera. Talde handiek horixe dute, ordea, ezer gutxi nahikoa dutela arriskua sortzeko, eta horixe egin du Bartzelonak. Lehenbizi abisua eman du Aitanak, baina haren burukadari ongi erantzun dio Lete Realeko atezainak. Bigarren aukeran ezin izan du ezer egin, baina. Lerro artean emandako pasea jaso, eta azpi-azpitik 0-1ekoa lortu du Aitanak, 13. minutuan.

Golak ez dio gehiegi erasan Realaren jokoari ondorengo minutuetan, eta oso burutsu jarraitu dute txuri-urdinek. Ez dute burua galdu, eta Bartzelonak ezin izan du nahi bezala kontrolatu partida. Gol arriskurik sortu ez arren, itxura ona eta sendoa eskaini du Realak, eta, batez ere Jenssenen lan onari esker, partidan sartuta jarraitu dute donostiarrek. Realeko aurrelariak goraipatzeko lana egin du unerik zailenetan, hark bizkarrez kontrolatutako baloietan min egitea lortu baitu Realak. Akaso, azken metroetan inspirazio gehixeago falta izan zaie. Dena den, atsedenaldi aurreko azken zortzi minutuak ez dira onak izan. Bigarren golaren bila jo du Bartzelonak, eta eraso erauntsian ibili da une oro. Emaitza bera izan da azkenean lehen zatiko albisterik onena.

Hasi orduko, 0-2koa

Bigarren zatiari begira, itxaropena bazen Realaren inguruan, eta Arroyok berak ere baikortasuna zabaldu izango du jokalarien artean. Ordea, hasi eta berehala egin du 0-2koa Bartzelonak, eta horrek guztiz baldintzatu du partida. Berriz ere Aitana izan da golegilea; oraingo honetan, areaz kanpoko jaurtiketa batekin gainditu du Lete atezaina. Golaren ondoren, intentsitatez jokatzen jarraitu dute kataluniarrek, eta, minutak igaro ahala, fisikoki nekatzen hasi dira txuri-urdinak. Zailtasunak izan dituzte aurkariaren areara gerturatzeko. Gainera, zailtasunak gutxi ez, eta 65. minutuan min hartu du Gabyk. Arazo serioak izan ditu zelaia uzteko, eta baliteke larria izatea.

Freskotasun bila, aldaketak egin ditu Arroyok, eta, hurrenez hurren, Franssi, Andreia eta Mirari Uria zelairatu ditu. Lehia betean jarraitu dute txuri-urdinek, eta Franssik berak partidako aukerarik onena izan du, 71. minutuan. Haren jaurtiketa arazorik gabe geratu du Bartzelonako atezainak. Kataluniarek kontrolpean izan dute neurketa amaierara arte eta, gainera, 0-3koa egin du Oshoalak azken jokaldian.

Titulurik gabe geratu arren, taldearen bilakaera goraipatu du Nerea Eizagirre kapitainak partida amaitu berritan. «Fisikoki nekatuz joan gara, korrika asko egin behar izan baitugu, baina uste dute duintasunez galdu dugula. Zaila da Bartzelonari aurre egitea, baina urtez urte aldea txikitzen ari gara, eta beste final batean egon izana oso pozgarria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.