Athletic 0-2 Real Madril

Athleticek gehiago merezi izan du Real Madrilen aurka

Benzemak 24. minutuan sartu du lehen gola, eta Kroosek 89. minutuan erabaki du neurketa. Egun handietako giroa izan da San Mamesen, eta inoiz baino lagun gehiago elkartu dira: 49.316.

Aitor Paredes, gaur, San Mamesen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 22a
23:14
Entzun

Real Madrilek gogotik sufritu behar izan du San Mamesen hiru puntuak lortzeko. Gauzak zail jarri dizkio Athleticek Carlo Ancelottiren taldeari, baina ez du asmatu ate aurrean, eta esku hutsik geratu da. Karim Benzemak 24. minutuan sartu du norgehiagokako lehen gola, eta hastapenean heldu da bigarrena, Toni Kroosena. Sailkapen nagusian 8. jarraitzen du Athleticek, 26 punturekin.

Hamaikako ausarta atera du Ernesto Valverdek. Defentsan dituen hutsuneak tarteko, harrobiko Aitor Paredesek jokatu du hasieratik; zelaierdian Zarragak jokatu du Vesgaren ondoan; eta aurrean, berriz, aulkian geratu da Guruzeta. Bi taldeak ausart zelairatu dira, aurkaria goian presionatuz. Egun handietakoa zen San Mameseko giroa, eta inoiz baino jende gehiago elkartu da estadioan: 49.316 lagun.

Lehen minutuetan bizpahiru gol aukera izan ditu Athleticek; argienak, Williams anaiek eta Paredesek berak, buruz. Courtoisek gelditu du atzelariaren errematea. Valverdek, ordea, eman zuen abisua partidaren atarian: «Ondoen ari zarela uste duzunean sartzen dizkizu golak Real Madrilek». 15. minututik aurrera hasi da gerturatzen Espainiako taldea Athleticen areara, eta 24.goan heldu zaio saria: arean baloi bat heldu zaio Benzemari, eta hark bikain errematatu du. Aukera bat, gol bat. Denera, Benzemak Athletici sartu dion hamazazpigarren gola da gaurkoa.

Golak ez dio mesede egin Athletici, eta Real Madrilek ezarri du erritmoa atsedenaldira arte. Bigarren zatian, ordea, beste jarrera batekin zelairatu dira etxekoak, eta, azken metroetan argitasun apur bat falta izan zaien arren, atzean sartzera behartu dute Real Madril. Gol bat ere baliogabetu diote Iñakiri 75. minutuan, Guruzetaren jokoz kanpoko bategatik. Williams anaiak izan dira gehien saiatu direnak.

Azken minutuak presa apur batekin jokatu ditu Athleticek, hiru aurrelari zelaian zituela, eta hori baliatu du Real Madrilek partida erabakita uzteko. Rodrygok gidatutako kontraeraso bat sareetara bidali du Kroosek 89. minutuan.

Athletic ez dabil bolada onean. Munduko Kopa zela eta izan zen geldialditik ez du partida bat bera ere irabazi Valverderen taldeak ligan. Real Madrili dagokionez, Athleticek 2014-2015ko denboralditik ez dio San Mamesen irabazi.

Athletic: Unai Simon; De Marcos (Lekue, 76. min), Vivian, Paredes, Yuri; Zarraga (Herrera, 67. min), Vesga (Raul Garcia, 85. min), Sancet (Muniain, 67. min), Nico Williams, Berenguer (Guruzeta, 67. min); eta Iñaki Williams.

Real Madril: Courtois; Nacho, Militao, Rudiger, Mendy; Camavinga, Valverde, Ceballos (Kroos, 85. min); Asensio (Modric, 73. min), Vinicius (Rodrygo, 83. min) eta Benzema.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.