osasuna

Protestei eutsiko diete Donostia ospitaleko langileek

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek batzarra egin dute gaur, eta erabaki dute mobilizazioei eustea, Osakidetzarekin hitzartutako konpromisoak gauzatu arte

jarraia223457.jpg
Ion Orzaiz - Edurne Begiristain
2023ko urtarrilaren 23a
11:25
Entzun

Aurrerapausoak onartuta ere, ez dituzte protestak etengo. Donostia ospitaleko krisia konponbidean jartzeko oinarriak adostu zituzten joan den astean langileen ordezkariek eta Osakidetzako zuzendaritzak. Gaur goizean, Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek batzarra egin dute ospitaleko langileekin, bilera hartan adostutakoak jakinarazi eta hurrengo urratsak zehazteko, baina, Eitb.eus-ek aurreratu duenez, mobilizazioek ez dute etenik izanen, oraingoz.

Langileen ordezkarien esanetan, protestei eutsiko diete datozen egunetan, Osakidetzarekin hitzartutako aurreakordioak ezartzen ari direla egiaztatu arte. Hori gertatzen denean, bertan behera utziko dituzte elkarretaratzeak. Are: joan den asteko bileran «ahoz» adierazitako konpromisoak «idatziz eta sinatuta» jasotzea galdegin dute langileek.

Eskaerak eta konpromisoak

Osakidetzako zuzendaritzak eta Donostia ospitaleko langileek ia lau orduko bilera egin zuten abenduaren 18an, Donostia ospitalean bertan. Krisia bideratzeko asmoz azken hilabetean egindako bigarren bilera izan zen hura. Medikuek esana zuten beraien helburua zela Osasun Saila «hitzetatik ekintzetara» pasatzea, eta abenduan mahai gainean jarritako bost eskariei erantzuna ematea espero zutela. Hain justu, bost eskaera eraman zituzten batzarrera: Donostialdeko ESIaren erreferentzialtasunari eustea eta Onkologikoa ESIan integratzea, profesionalak egonkortzeko neurriak hartzea, zerbitzuetan egiten den lana «maiztasunez» ebaluatzea, mahai tekniko bat eratzea ESIaren estrategia definitzeko eta zuzendaritzak bertako profesionalak ezagutzea.

Eskaera horien inguruan akordiorik lortu ote zuten ez ez zuten argitu, baina Osasun Sailak ohar bidez jakinarazi zuen «antolaketarekin eta zerbitzuekin» lotutako hainbat gai jorratu zituztela, eta horietako batzuk «konponduta» geratu zirela, eta beste batzuk aurrerago lantzekotan geratu zirela. Hala ere, orokorrean, bilera «positiboa» izan zela nabarmendu zuten Gotzone Sagarduiren departamentukoek.

Abendutik protestan

Abenduaren 2an hasi zen krisia Donostialdeko ESIan: Osakidetzak kargutik kendu zituen Itziar Perez erakunde sanitario horretako zuzendari kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga Donostia ospitaleko zuzendari medikoa, eta ESIko hainbat langilek egun hartan bertan egin zuten elkarretaratzea erietxeko atarian, haiei babesa emateko. Kide kargugabetuak euren postuetara itzultzeko eskea egin zuten. Kontrara, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan zuen kargugabetzeak «antolakuntza aldaketa» soilak zirela.

Abenduaren erdialdean bildu ziren aurrenekoz Osakidetzako zuzendaritza eta Donostiako ospitaleko zerbitzuburuak. Bazirudien egoera bideratu egingo zela. Izan ere, zerbitzuburuei jakinarazi zitzaien euren erreibindikazio nagusiak errespetatuko zituela Jaurlaritzako Osasun Sailak. Besteak beste, zuzendariek eta langileek osatutako batzorde bat eratzeko bidea zabalduko zela, eta Donostia aurrerantzean ere erreferente bakarra izango zela peritoneoko minbizian.

Negoziazio batzuk tarteko, protestak eten egin zituzten bolada batean, baina abenduaren 23an berriz ekin zieten bilkurei. Handik bost egunera, bost eskari «zehatz» egin zizkioten Osakidetzari, eta aitortu zuten «jarrera ona» antzeman zutela Osakidetzako zuzendaritzarekin zituzten elkarrizketetan, baina «ekintzak» nahi zituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.