Arana klinikaren polemika amaitzera konprometitu da Jaurlaritza

Migrazio gaietan lan egiteko «konpromisoa» dutela azaldu du Bingen Zupiriak.

Gasteizko Arana klinikan nazioarteko babeserako harrera zentro bat eginen dute. RAUL BOGAJO/ FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko urtarrilaren 24a
13:27
Entzun

«Migrazio arloko konpetentziak Espainiarenak dira, eta berak hartuko ditu erabakiak. Guk elkarrizketa eskatuko dugu». Horrela mintzatu da Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea Espainiako Gobernuak Gasteizen egin nahi duen nazioarteko babeserako harrera zentroari buruz. Azaldu du Arana klinikaren inguruan sortutako eztabaida amaitzeko konpromisoa hartu dutela Jaurlaritzako kideek. «Erakunde askoren arteko lana behar da gai honi erantzuteko. Elkarrizketa, koordinazioa eta lankidetza beharrezkoak dira».

Ikusi gehiago:Eusko Jaurlaritzak migrazio arloko eskumenak eskatu dizkio Madrili

Nabarmendu du migrazio arloko konpetentziak Espainiarenak badira ere zenbait politika Eusko Jaurlaritzak kudeatu behar izaten dituela. Horrek instituzioen arteko «etengabeko elkarrizketa» eskatzen du, «momentu honetan gertatzen ez den zerbait». Hala ere, Jaurlaritzak migrazio gaien gainean lan egiteko «konpromisoa» duela erran du Zupiriak, eta neurriak hartu dituztela: «Kontziente gara migrazio prozesuek eragiten dituzten zailtasunez, iheslarien egoeraz edo bakarrik heltzen diren adingabeen mugimenduaz».

Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak, berriz, azaldu du 2018an gertatu zen migrazio fenomeno bati erantzuten parte hartu zuela. Urte horren bigarren erdian 6.000 lagun inguru Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gelditu ziren denbora tarte batez, Frantziara edo Europako bertze herrialde batzuetara joan baino lehenago. Fenomeno horri erantzun nahian, pertsona horiei aterpea bilatzen hasi zen Jaurlaritza. Arana klinika erabiltzeko baimena eskatu bazuten ere, azkenean ez zuten erabili.

«Banakako arreta»

Arana klinikako lekuak murriztea eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bertze eremuetan baliabide gehiago jartzea proposatu du Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak. «Uste dugu hurbileko zerbitzu baterako, banakako arreta baterako eta integrazio prozesu baterako, tamaina ere garrantzitsua dela. Eta, gure ustez, 350 tokiko zentro bat ez da orain arte Espainiarekin partekatu dugun eredua».

Amilibiak azaldu du egoera ikusita, egokiagoa zaiola Oñatin, Tolosan (Gipuzkoa) eta Berrizen (Bizkaia) gune gehiago irekitzea, «eskariari aurre egiteko». Hala, uste du «koherentea» dela Arana klinikako proiektua mantentzea, betiere leku gutxiagorekin eta bertze lekuetan gune gehiago ezarriz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.