Bartzelona 1-0 Reala

Txuri-urdinek agur esan diote Kopari

Realak partida duina egin du Nou Campen, baina txapelketatik kanpo geratu da. Jokalari bat gutxiagorekin jokatu du ia neurketa osoa, Brais Mendezek txartel gorria ikusi ostean.

Jon Ander De la Hoz.
2023ko urtarrilaren 25a
23:43
Entzun

Realak galdu egin zuen aspaldiko partez. Modurik duinenean egin duen arren, Espainiako Kopatik kanpo geratu dira txuri-urdinak. Jokalari bat gutxiagorekin aritu dira donostiarrak partidaren zatirik handienean, baina estu hartu dute Bartzelona azken unera arte. Ez neurketaren zatirik handienean; bai, ordea azken minutuetan. Beren gaitasunean sinesteko ariketa egin zuten, baina ez dute nahikoa izan. Partidako gol bakarra nahikoa izan da Bartzelonarentzat.

Realak nor baino nor gehiago egin nahi izan du Camp Noun, eta hori garesti ordaintzen da sarri. Buruz buruko lehia proposatzeak halako lehia ekartzen du: kolpeak eta joan etorriak bi aldeetakoak izan ohi dira. Agerian geratu da hori kataluniarren zelaian. Bi hamaikako zelaian izan diren bitartean, aurpegiz aurpegi aritu dira bi taldeak. Fisikoa izan da nagusitasuna bilatzeko borroka, zartakoek gehiago balio izan dute ate aurreko jokaldiek baino gehiago. Bi aldeetan gertatu dira halakoak, baina Brais Mendezen kaleratzea izan da lehen zatiko jokaldirik esanguratsuena. Jokalari galiziarrari txartel gorria atera dio epaileak, 40. minutuan, eta horrek erabat baldintzatu zezakeen partida. Izan ere, gutxienez 50 minutu falta ziren norgehiagokako arauzko denbora osatzeko, eta Camp Noun lasta handia da hori. Hori bai, Gil Manzanok zalantza gutxi egin duRealeko jokalariaren falta ikustean. Nahikoa izan du VARari begiratu bizkor bat egitea txartel gorria erakusteko. Brais Mendezek orkatila zapaldu dio Busquetsi. Kalera.

Ordutik aurrera, Realak eusten igaro du atsedenaldira arteko denbora. Ez alferrik, Imanolek taldea egokitu beharra baitzuen. Etxekoak nagusi izan dira lehen zatian, baina Realak, Take Kuboren bitartez, izan du aukerarik. Bigarren zatia, ordea, enigma bat zen. Realarentzat nahi baino lehen argitu da korapilo bat. Bartzelonak 52. minutuan egin du partidako gol bakarra. Ousmane Dembele izan da neurketako golegilea, bisitarien kopuru murritzagoa baliatuta. Koundek abiadan eman zion pasea Dembeleri, eta erasoko jokalariak ez du aukera galtzen utzi. Erasotik aurrera egin du lehendabizi, eta erdiraketa egitea bainoa hobea iruditu zaio zuzenean Alex Remiroren atera jotzea. Lehen zutoinari itsatsita egindako errematea sarera joan da zuzenean.

Bartzelonak hala lortu du aurrera egitea. Abantaila eskuratuta eta jokalari gehiagorekin, partida erosoa aurreikusi du. Ordea, Realak ez du amore emateko asmorik izan. Defentsa hertsia eta aurrerako erasoaldi bakanak probestu nahian, atzeko lerroan igaro ditu amaierara arteko minuturik gehienak, baina saiatu da abagune batzuk baliatzen. Hain justu ere, Alexander Sorlothek eta Carlos Fernandezek aukera bana izan dute markagailua orekatzeko, baina errazena zaildu dute. Azkenerako, Reala kopatik kanpora geratu da, baina duintasunaren lezioa ikasita: bi txapelketa ditu hura aprobetxatzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.