Bilboko Aratusteak

Ylenia Baglietto eta Lander Otaola aktoreak izango dira Farolin eta Zaranbolas Bilboko aratusteetan

Besteak beste, ETB1eko 'Goenkale' telesailean egin zuen lan Bagliettok, eta 'Vaya Semanita'-n Otaolak. Inauteriak otsailaren 17an hasiko dira, pertsonaion atxiloketarekin eta epaiketarekin, eta 21ean bukatu.

Ylenia Baglietto eta Lander Otaola aktoreak, goizean, Bilboko udaletxean. BILBOKO UDALA
amaia igartua aristondo
2023ko urtarrilaren 27a
10:53
Entzun

Dena dago prest Bilboko 2023ko aratusteetarako: osatu dute egitaraua, erabaki dute kartela, bildu dituzte gogoak, eta hautatu dituzte aurtengo Farolin eta Zaranbolas, hiribilduko inauterietako pertsonaia nagusiak. Ylenia Baglietto aktorea (Eibar, Gipuzkoa, 1986) izango da Farolin, eta Lander Otaola aktorea (Bilbo, 1989) Zaranbolas. Erabakia iragan astean ezagutarazi zuen udaleko Jai Batzorde Mistoak, eta gaur goizean aurkeztu dute, udaletxean emandako prentsaurreko batean. Pozik agertu dira, eta pertsonaiok antzeztea «ardura» ere badela aitatu dute biek.

Hein batean, ibilbidea aitortzen zaie Farolin eta Zaranbolas izateko aukeratuei. Getxoko (Bizkaia) antzerki eskolan ikasi zuen Bagliettok, ETB1eko Goenkale telesail ospetsuan aritu zen aurrenekoz, eta, ordutik, andana bat film, telesail eta antzerkitan hartu du parte. Otaola ETB2ko Vaya Semanita umorezko saioan parte hartzeagatik egin zen ezagun, eta, besteak beste, Max sarietarako izendatu zuten 2012an, euskarazko antzerkigile onenaren sailean, Sekula bai! lanagatik.

Orobat, Bilboren isla dira Farolin eta Zaranbolas, Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako zinegotziak azaldu duenez, eta, halaber, harro daude haien bilbotartasunaz. «Ohorea da Zaranbolas izatea, bilbotarra izateaz gain, Bilbozalea ere banaizelako», adierazi du Otaolak. Baglietto ez da bilbotarra jaiotzez —«ez dut ohore hori izan», bota du, txantxetan—, baina urteak daramatza hiribilduan bizitzen. «Farolinek dioen bezala: ‘Bilbon jaio ez naizen arren, Bilbo nirea da’».

Hasi dira pertsonaiak prestatzen, baita indarrak biltzen ere, inauteriak ekintzaz lepo egongo baitira. Otsailaren 11n, Kopla Txikien Lehiaketa egingo dute Kafe Antzokian. Otsailaren 17an (ostirala) antzeztuko dute Farolinen eta Zaranbolasen atxiloketa eta epaiketa, eta aratusteak hilaren 21ean bukatuko dira. Aurtengo gaia 1980ko hamarkada izango da, eta bat egingo du jai urtearen ildoarekin, oro har: izan ere, aurten berrogei urte beteko dira 1983ko uholdeak jazo zirenetik —Aste Nagusi betean izan ziren, gainera—, eta horiek oroitu nahi dituzte konpartsek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.