ZIENTZIA

DIPC ikerketa zentroaren eraikin berria egiteko proiektua aurkeztu dute, «jarduera zientifikoan jauzi kualitatiboa egiteko»

6.800 metro koadroko eraikina izanen da, eta lanak 2025ean bukatzea espero dute. 15 milioi euroko inbertsioa eginen du Hezkuntza Sailak.

jarraia223654.jpg
2023ko urtarrilaren 27a
15:11
Entzun

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroa handitzeko eraikin berria egiteko proiektua aurkeztu du gaur goizean, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanorekin, Donostiako alkate Eneko Goiarekin eta DIPCko presidente Pedro Migel Etxenikerekin batera. 6.800 metro koadro inguruko eraikina da, eta 2025ean bukatzea espero da. Hainbat laborategi, bulego eta erabilera komuneko gune hartuko ditu, baita ekitaldi eta biltzar zientifikoetarako auditorium bat ere. Lanen lizitazioa zehazteko zain, aurreikusitako inbertsioa 15 milioi euro ingurukoa izango da, Hezkuntza Sailak finantzatuta. Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan garatuko da proiektua.

Nafarroako Vaillo and Irigaray Architects arkitektura estudioak aurkeztutakoa izan da proiektuen artean irabazlea. Estudio hori arduratuko da DIPCren eraikin berriari forma emateaz, egungo multzoa antolatzeaz, eta zentroari «eraikin enblematiko bat» emateaz, «DIPCren irudia fisikaren abangoardiako ikerketa zentro gisa indartzeko».

DIPC zentroak fisikaren eta antzeko diziplinen arloan garatzen du bere ikerketa lana. Gaur egun, berrehun ikertzaile baino gehiago ditu kontratatuta, horietako asko Ikerbasqueko ikertzaileak, baina baita ikertzaile elkartuak eta bisitariak ere. Zientziaren askotariko adarretako 35 nazionalitate baino gehiagotako kideek osatutako komunitatea da. DIPCk gaur egun garatzen dituen ikerketa proiektuen artean, arlo hauetakoak nabarmentzen dira: teknologia kuantikoak, superkonputazioa, partikulen fisika, egoera solidoaren fisika eta nanozientzia, eta neurofisikako ikerketa lerro hasiberria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.