Landa eremua

Erdiz Bizirik taldeak manifestazioa eginen du apirilaren 22an, Iruñean

Magna enpresak Baztanen eraiki nahi duen meategiaren kontra aterako dira karrikara. Nafarroako Gobernuak aditu ditzan nahi dute.

Erdiz Bizirik taldearen manifestazioa, iazko urriaren 12an, Elizondon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Tubia.
2023ko urtarrilaren 28a
15:17
Entzun

Apirilaren 22a Landa Eremuaren Nazioarteko Eguna da, eta landa eremutik hirira abiatuko dira, Magna Magnesitas Navarra enpresak Erdizen (Baztan, Nafarroa) egin nahi duen meategiaren kontra protesta egiteko. Erdiz Bizirik taldeak manifestaziora deitu du Iruñean egun horretarako, Landa eremuaren defentsan leloarekin. Orain arte Baztanen egin dituzte protestak, baina erakunde nagusiak dauden lekura joanen dira oraingoan. «Berez guri dagozkigun erabakiak irabazi nahi dituzte [Iruñean], eta, beharbada, bertara joaten bagara, orain arte entzun –nahi izan– ez dutena entzun beharko dute», azaldu dute ohar baten bidez.

Ikusi gehiago:Erdiz Bizirik

Salatu dute meategiak Erdizko bazkalekua erabiltzen duten laborarien ogibidea eta etorkizuna «suntsituko» lituzkeela. «Erdizko parajeak 476 hektarea ditu, eta horietatik 260 azienda bazkatzeko leku hoberena dira. Zehazki eremu horretan egin nahi da meategia». Gogorarazi dute Baztan dela Nafarroan lehenbiziko sektorea mantentzen ari den eskualdea, eta ohartarazi dute horretan segitzeko Erdiz «gakoa» dela.

Haien aburuz, proiektuak ez lituzke soilik laborariak kaltetuko. Haien aburuz, zenbait espezie babestu desagertuko dira, inguruko urak eta iturriak kutsatuko dira, materialen garraioarengatik hautsa nahiz zarata hedatuko dira, eta kutsadura handituko da. «Nafarroan CO2 gehien ekoizten duten enpresen artean hirugarrena da Magna», salatu dute.

Baztanen erabaki ezinda

Magnak udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa aurkeztu du Erdizko proiektua, eta horrek Baztango herritar anitzen eta ibar horretako erakundeen haserrea eragin du: meategirik ez dute nahi; eta salatu dute, gainera, enpresak baztandarren hitza eta iritzia isilarazi nahi izatea.

Iaz zenbait saio egin zituzten Baztanen, herritarrek meategiari buruz zer iritzi duten azal zezaten. Baztango Udala eta Baztango Batzar Nagusiak saiatu ziren, lehendabizi, modu adostu batean, galdeketak antolatzen. Espainiako Ministroen Kontseiluari zegokion baimentzea, baina ez zuen egin. Ondorioz, joan den urrian, Baztango zinpeko alkateek erabaki zuten Erdizi buruzko kontsultara deitzea: Baztango hamabost herrietatik hamalautan erabaki zuten galdeketa egitea, azaroaren 20an. Saio hori ere bertan behera gelditu zen, ordea, Guardia Zibilak alkateak kuartelera deitu eta debekuaren berri eman eta gero.

Magna enpresaren meategi proiektuak duela hogei urte inguru egin zituen lehendabiziko urratsak. 2008an bazter utzi zuten, baina 2019an enpresak mahai gainean jarri zuen, berriz ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.