Celta 1-0 Athletic

Porrot egin dute zuri-gorriek Balaidosen

Hasierako gol baliogabea zela medio, berdintsu ibili ziren bi taldeak. 70. minutuan, ordea, Iago Aspasek gola sartu zuen. Iñaki Williams ez zen izan Balaidoseko partidan.

Celtaren eta Athleticen arteko partida amaiera. SALVADOR SAS / EFE
2023ko urtarrilaren 30a
09:08
Entzun

Balaidosen izan ziren atzo zuri-gorriak, Vigon (Espainia). Celtaren aurka jokatu zuten ligako 19. jardunaldiko partida, baina 1-0 galdu zuten. Minutu bat ere ez zuten behar izan Celtakoek: norgehiagoka hasi eta berehala, gola sartzea lortu zuten. VARak zalantza guztiak argitu zituen, eta gol hura baliogabetu, Carles Perezek eskuz jo baitzuen baloia jokaldi hartan. Dena dela, hasierako sasoi hari eutsi zioten etxekoek, partidaren lehen minutuetan Unai Simon Athleticeko atezainak aurkariek golik sartzea galarazi bazuen ere.

Segidan, bi taldeak berdintsu ibili ziren. Berenguerrek aukerak izan zituen behin baino gehiagotan golak sartzeko lehen zein bigarren zatian. Baina zutoina edo langa zirela eta, ez zuen lortu. Bi taldeen arteko norgehiagoka argi ez zela, Iago Aspasek sartu zuen arratsaldeko gol bakarra, 70. minutuan. Saiatuta ere, zuri-gorriek ezin izan zuten geratzen ziren minutuetan markagailua berdindu; 1-0 amaitu zuten. Zortzigarren postuan da Athletic, 26 punturekin.

Joko zelaian egon ez arren, zeresana eman zuen Iñaki Williamsek. Belauneko arazoen ondorioz ezin izan zuen jokatu Balaidosen. 2016tik egun arte ez du huts egin, eta 251 partida jokatu ditu jarraian ordutik. Baina, atzokoarekin, jarraian jokatu dituen partiden markagailua zeroan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.