Ingurumena

Zubietako erraustegiko kutsaduraren auzian delitua egin duten ikertzen hasi da epaitegi bat

GuraSOSek ohar baten bidez jakinarazi duenez, fiskaltzaren idatzi bat aintzat hartu du Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak zigor diligentziak hasteko.

Arkaitzerrekako kutsadura salatzeko protesta martxa bat. JON URBE / FOKU
inaki petxarroman
2023ko urtarrilaren 30a
11:51
Entzun

Ingurumen Fiskaltzak eskatuta, Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak aurretiazko eginbideak hasi ditu ikertzeko ea Zubietako erraustegiaren inguruko lurrak eta urak kutsatuta ingurumenaren aurkako delitu bat egin duten edo ez. Fiskaltzak aurkeztu dion idatziaren arabera, Zubietako erraustegiko arduradunak «eraginkortasunik gabe» eta «kontrolik gabe» jokatzen ari dira osasunaren eta ekosistemaren aurkako arriskuen aurrean.

Betiere GuraSOSek informatu duenez, erraustegiaren inguruan topatutako kutsatzaileak arrisku bat dira, fiskalaren ustez, «pertsonen osasunarentzat eta ekosistemen orekarentzat». Halaber, fiskalak uste du badirela aztarna batzuk erakusten dutenak Zubietako erraustegiaren arduradunek ez dutela kontrolatzen kutsadura. «Nahiz eta arriskuaren berri izan, ez zen azterketa sakonik egin lehenbailehen lehengoratzeko».

GuraSOSek 2022ko uztailaren erdialdera salatu zuen «biziki larria» zela erraustegiaren inguruko uretako kutsadura, bai eta inguruko lurretakoa ere. Hain zuzen ere, metal astunen, dioxinaren eta furanoaren aztarnak atzeman zituzten haietan. GuraSOSen arabera, Gipuzkoako foru agintariak eta Jaurlaritzakoak kutsadura horren jakitun zeuden, duela bi urtetik. Izan ere, esku artean zituzten hori baieztatzen zuten txosten teknikoa, Idom ingeniaritzak eta SGS kontrol unitateak egindakoak, esate baterako. Hala ere, GHK-k ukatu egin zuen hori, harik eta 2022ko azaroaren 3an GHK-ren batzarrean aitortu zuen arte bazela erraustegian «iragazi lixibiatuen gertakari bat, ingurumenean eraginik ez duena». Hain zuzen ere, kutsadura horrekin lotutakoak dira orain abian jarri dituzten aurretiazko eginbideak.

Hirugarren ikerketa

Orain hasi duten zigor prozedura honekin, hiru dira jadanik Zubietako erraustegiarekin lotuta abian diren ikerketak.

Haietako beste bat Arkaitzerreka errekastoan eragindako amoniako isuriarekin lotuta dago, eta Guardia Zibilaren ingurumen unitateak egindako ikerketan oinarrituta dago. Hirugarrenak, berriz, zerikusia dauka Zubietako erraustegian baimenik gabe egin zuten drainatze tutuarekin. Kasu horretan, erraustegia ikuskatu zuen Jaurlaritzako Ingurumen teknikariaren jarduna ikertzen ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.