Albistea entzun

Fiskalak bidea ireki du erraustegia ikuskatu duen funtzionarioa ikertzeko

Baimenik gabe jarri zuten likidoa drainatzeko tutu bati «ez ikusia egin» ote zion egiaztatu nahi dute ekinbide horrekin. Zaldibarko zabortegiari jarraipena egin zion teknikari bera da jomugan jarritakoa
Joseba Belaustegi eta Olatz San Miguel GuraSOSeko kideak, atzo.
Joseba Belaustegi eta Olatz San Miguel GuraSOSeko kideak, atzo. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2022ko urriak 21

GuraSOSek iragarri du fiskaltzak dekretu baten bidez eskatu diola epaitegiari iker dezala Zubietako erraustegiaren funtzionamendua ikuskatu duen funtzionarioaren lana. BERRIAk irailaren 17an argitaratu zuen informazio bat hartu du fiskaltzak ikerketa abiatzeko arrazoi gisa. Hain zuzen ere, erraustegian lanean aritutako behargin batek hainbat agiri eta irudi utzi zituen euskarazko kazetaren esku. Horiek erakusten dute Zubietako bi errauste lerroetan likidoak husteko drainatze tutuak eraiki zituztela, baimenik gabe, lehen suzko probak hasi ostean. Erraustegiaren inguruan atzeman duten kutsadura horiek eragin duten edo ez ikertzeko baliagarria izan daiteke urrats hori.

Olatz San Miguel eta Joseba Belaustegi GuraSOSeko kideek Donostian egindako agerraldi batean iragarri dutenez, fiskaltzak gertakari horren inguruan egindako ikerketaren ondorioak (71/22 ikerketa diligentziak) helarazi dizkio Donostiako Guardiako Epaitegiari. Ekinaldiaren aurreko pausotzat jo du GuraSOSek irailaren 21ean helarazi zion idatzi bat. Dioenez, dokumentazio horrek «agerian» uzten du likidoak husteko drainatze bat instalatu dela errekuntza gasen hodian, «baimenik gabe». «Ikuskapenak egin zituen teknikariak ustez ez ikusiarena egin zion horri».

GuraSOSek azaldu duenez, fiskalak «ondorioztatu» du gertaera horietan badaudela delitu baten zantzuak; hain zuzen ere, Zigor Kodearen 329.1 artikuluak tipifikatutakoak. Ingurumen prebarikazioa xehatzen du artikulu horrek, eta, besteak beste, sei hilabete eta hiru urte arteko zigorrak aurreikusten ditu. Horrez gain, litekeena da prebarikazioa egin duen funtzionarioari, ageriko legez kanpoko jardunei ez ikusiarena egin dienari alegia, isunak eta inhabilitazio zigorrak ezartzea.

GuraSOSek fiskalari helarazi zion dokumentazioak dio «drainatze tutu klandestino bat» dagoela Zubietako erraustegian, eta begi bistan dagoela, gainera. «Ezinbestez jabetu behar zuten instalazioetan bertan Ingurumen Saileko ikuskariak egindako kontroletan».

Agiri horietan, GuraSOSek aipatzen du zeintzuek parte hartu zuten ikuskaritza horietan; besteak beste, Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak, Ekondakin erraustegiko kontzesionarioak eta Ekobal enpresa operadoreak. Bisita horietako batean, Uraren Agentziako ordezkari bat eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bat ere izan ziren.

Zaldibarko ikuskatzailea

Hain justu ere, ikuskatzailea beti bera izan zela zehaztu du guraso plataformak: Hipolito Bilbao Intxaurraga. Teknikari hori bera da IPPC Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Bateraturako Batzordearen Ingurumen Saileko arduradun teknikoa Jaurlaritzan. Erraustegiei, zabortegiei, porlan fabrikei eta halako instalazioei ingurumen baimen bateratuak emateaz arduratzen da, besteak beste. Hark eman zizkion Verter Recycling 2002 SM enpresari ingurumen baimenak, eta zabortegia amildu aurreko ikuskaritza aktak ere berak sinatu zituen. Zubietako erraustegiaren ingurumen baimenaren tramitazio korapilatsua ere haren ardurapekoa izan da.

Udan erraustegi ondoko Arkaitzerrekan izandako kutsadurak eragin ditu prozedura horiek guztiak. Uztailaren 13an, apar likatsu bat agertu zen errekan. GHK-k jakinarazi zuen erraustegiaren sistema itxia dela, eta ezinezkoa dela ura kanpora irtetea. Alabaina, BERRIAk eskuratu zuen argazkiak erakusten du instalazioaren aurrezkailuaren gunean ura drainatzeko tutu bat ezarri zutela, errekuntzan izaten ari ziren arazo teknikoen ondorioz. Tutu horiek ez zeuden proiektuan, eta baimenik gabe jarri zituzten.

Plataformak esan du «oso kezkatuta» daudela erraustegiaren egoerarekin eta inguruko lur eta uretan azaldu den kutsadurarekin. Besteak beste, dioxinaren, furanoaren, fenolaren eta beste osagai toxiko arriskutsu batzuen presentzia baieztatu dute SGS eta Idom laborategiek egin eta GuraSOSek Jaurlaritzako Ingurumen Sailean eskuratutako ikerketek. Horri aurre egiteko, berriz ere mobilizazioa aktibatuko duela jakinarazi du GuraSOSek. Atzo bertan, Fernando Palacios Espainiako Ikerketa Zientifikoetako Kontseilu Nagusiko zientzialari ohiak eta Joseba Belaustegi GuraSOSeko abokatuak hitzaldi bat eman zuten Usurbilen (Gipuzkoa).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maria Txibite lehendakaria eta Ramon Alzorriz PSNko bozeramailea, Nafarroako Parlamentuan. ©JESUS DIGES / EFE

Sindikatu Medikoaren hordagoari men egiteko prest azaldu da Txibite

Ion Orzaiz

Lehendakariak justifikatu du Osasunbideko sendagileei aukera ematea osasun pribatuan ere jardun daitezen: «Profesionalak erakartzeko bidea da». Erabakiaren aurka azaldu dira EH Bildu eta Ezkerra
Ikasbidea ikastola, Duran ©Irekia

Ikasbidea ikastetxeak hotzari aurre egiteko konponbide iraunkor bat eskatu du

Irati Urdalleta Lete

Azaldu dutenez, arazoak dituzte ikastetxeko galdararekin, baina Eusko Jaurlaritzak esan die ez dutela uda baino lehen konponduko. Salatu dute ikasgeletan hamahiru edo hamalau gradu izan dituztela.

'Aita Mari' ontziak Mediterraneoan aurkitutako migratzaileen ontzi baten erreskatea, artxiboko irudia. ©Itsas Salbamendu Humanitarioa

'Aita Mari' ontziari espediente bat ireki diote, ia milioi bat euroko isunekoa

Isabel Jaurena-Edurne Begiristain

Zigorra 2020ean Palermon (Sizilia, Italia) gertatu ziren ekintza batzuen baitakoa da. Aita Mari-k alegazioak aurkeztuko ditu.

Miren Basaras. / ©Aritz Loiola, Foku

«Komeni da zaurgarrienek maskara erabiltzen jarraitzea»

Edurne Begiristain

Osasun sistemaren gaineko presioa «apaldu» izanaren ondorio da garraio publikoan maskara janzteko derrigortasuna kendu izana, Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleak azpimarratu duenez.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.