Espainiako Kopa

Euskal derbia izango da Kopako finalerdietan

Sadarren jokatuko da joaneko partida, eta San Mamesen itzulerakoa. Hortaz, euskal talde bat arituko da Espainiako Kopako finalean. Real Madrilek eta Bartzelonak jokatuko dute beste finalerdia.

jarraia223740.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 30a
13:34
Entzun

Euskal derbia izango da Espainiako Kopako finalerdietan, eta, hortaz, euskal talde bat izango da Kopako finalean. Orain arte ez bezala, bi partidatan erabakiko da kanporaketako irabazlea; hau da, bi taldeek etxean eta etxetik kanpora jokatuko dute, zozketak erabaki duen hurrenkeran. Sadarren jokatuko da joaneko partida, otsailaren 28an, martxoaren 1ean edo 2an, eta San Mamesen itzulikoa, apirilaren 4an, 5ean edo 6an. Duela hilabete eskas jokatu zuten bi taldeek ligako partida Bilbon, eta 0-0 amaitu zen partida. Beste kanporaketa, hortaz, Espainiako ligako klasiko handia izango da: Real Madril-Bartzelona.

Hemezortzi urteren ostean itzuli da Osasuna Kopako finalerdietara, eta Sadarrek beste gau eder batekin gozatzeko aukera izango du. Tartean bigarren mailako gaziaz sufritu ostean, final batean egoteagatik lehiatzearen gozoaz gozatuko du orain. Sevilla menderatu zuten iragan astean Sadarren (2-1), Ez Abdek luzapenean egindako gol bati esker, eta aurretik Fuentes (1-4), Arnedo (1-3), Tarragonako Nastic (1-2), eta Betis (penaltietan) kanporatu ditu Jagoba Arrasateren taldeak.

Athletic, berriz, final-laurdenetan Mestallan 1-3 irabazita sailkatu da finalerdietarako, eta, aurrez, Alzira (0-2), Sestao River (0-1) eta Espanyol (1-0) utzi ditu bidean. Laugarren urtea du jarraian Kopako finalerdietan. Zuri-gorriek lehiaketa honetan erakutsi dute mailarik onena azken urteetan, eta Gaizka Garitanorekin eta Marcelino Garcia Toralekin finalera iristea lortu zuen, nahiz eta bi finaletan Marcelino izan zen aulkian eseri zena.

Berezia izango da kanporaketa Valverderentzat. Athleticeko prestatzaileak 2015ean jokatu zituen Athleticekin Kopako finalerdiak. Orduan Espanyoli irabazi zion Athleticek, eta Bartzelona izan zuten aurkari Camp Noun. 3-1 irabazi zuten Kataluniakoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.